SAN daiteke 2020 urte honetan ezjakintasuna eta ezohiko gertaerak izan direla protagonista nagusiak. Covid-19 birusa Bizkaiara heldu zenetik, orain dela zazpi hilabete inguru, bertoko biztanleriaren egunerokotasuna oso modu bortitzean astindu zuen izurrite munduan. Hasiera batean, berrogeialdia izan zen lurralde historikoko kaleak hutsik mantendu zituen arrazoia eta, ondoren, normaltasun berria ailegatu zen, segurtasun-neurriek suposatzen duten muga guztiak eskutik etarrita. Baina, nahiz eta koronabirusaren pandemiak oso ondorio larriak izan dituen arlo desberdinetan, osasun-egoera larri honek irribarre egiteko eta arrotasuna sentitzeko hainbat arrazoi eman ditu. Azken hilabeteetan bizitako denboraldi zailaren aurrean, hainbat izan dira euren ingurukoen onura eta segurtasuna bermatzeko lanean jo eta su aritu diren erakunde, giza-elkarte eta norbanakoak. Asko izan dira covid-19aren eraginak zentzu desberdinetan pairatu dituztenak; gaixotasuna izanda, familia galerak izanda, egoera ekonomiko larria izanda eta abar luze bat. Zorionez, pandemia honek herritarren aurpegi solidarioena islatu du eta horren ispilu garbia izan zen irailaren 23an Zamudio Dorre Kultur Etxean ospatu zen Laboral Kutxa DEIA Hemendik Sarien hamahirugarren edizioko banaketa jaialdia.

Nahiz eta irudi orokorra aurreko edizioekin alderatuta oso desberdina izan zen, 2020ko honetan ere sari honek daukan zentzua ondo azpimarratua geratu zen; Txorierriko biztanleria eta langileen elkartasuna. Derio, Erandio, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudioko biztanleentzako ere oso hilabete gogorrak izan dira azkenengo hauek eta, garai gatz honetan ere, euren auzokideek herritartasunaren balioa goraipatu du, ezeren trukeko etengabeko lan gogorra eginda. Lehen aipatu bezala, izurriteak arlo desberdinetan izan duen eraginak oso bortitzak izan dira eta, zorionez, eskualdeko herritarrak behar izan denean inoiz baino prestuago azaldu dira; herriko adintsuak zaindu eta, aldi berean, entretenituta, hain beharrezkoa izan den segurtasun materiala eskuz egin eta ostean doainik emanda, herriko kaleetako desinfektatze eta garbiketa lanak neurri handian areagotuta edota gaztetxoen berrogeialdia alaitzeko opari xume batzuen banaketa eginda.

Zamudiotorren ospatutako ekitaldian inoiz baino protagonismo gehiago hartu zuen hunkigarritasunak, osasun-egoeran hain beharrezkoak diren segurtasun-neurriak alde batera utzita, noski. Txorierriko udalerrietako jende askok azken aldian egindako lan gogorrarekiko aintzatespena jasotzeak oso une gogoangarraik eskeini zituen, baina Laboral Kutxa DEIA Hemendik Saria Zamudion jaso zutenentzako txaloak jaialdi hormatatik kanpora atera ziren, izan ere, sarituen lana gehien eskertu duten, eta oraindik ere eskertzen duten, herritarrak birusaren eta honek eragindako ondorioen aurka borrkan jarraitzen dute egunero. Lurralde honetako jendeak urtero urtero erakusten duten elkartasuna kontuan izanda, ziurra izan daiteke izurritearen zein bestelako gaitzen aurrean euren laguntza eskeiniko duten herritarrak egongo direla.