Sestaok eta Portugaletek batera sortu dute Euskadiko lehen disc golf zelai publikoa. Kirol-instalazio berria Las Camborras (Sestao) eta Rivas (Portugalete) parkeetan egongo da, eta 18 zulo ditu guztira. Horrela, erabiltzaileek doan egin ahal izango dute kirol hau aire zabalean. "Publiko guztientzako kirolgunea izatea gustatzen zaigu, familiek, lagun koadrilek eta jokalari profesionalek erabili ahal izateko", adierazi du Ainhoa Basabe Sestaoko alkateak.

Disc golfa gorantz doan kirola da, golfaren antzeko joko-formatua duena. Golfean pilota bat makila batekin jo behar da zuloan sartu arte; disc-golfean, aldiz, disko borobil bat edo fresbee bat jaurti behar da irteerako plataforma batetik, ahalik eta jaurtiketa gutxien eginda hamarnaka metroko distantziara dagoen metalezko saskian sartzea lortu arte. Ibilbidearen amaieran, 18 zuloko zelaia kolpe gutxiagorekin osatzen duena izango da irabazle.

Esparrua joko eta kirol-esperientzia atsegina lortzeko diseinatu da eta, horretarako, 4,8 kilometroko luzera izango duen zirkuitu dinamiko bat sortuko da. Bertan, betiere haren erabilera eta jokalarien gogobetetze-maila sustatzeko helburuarekin, zulo teknikoak eta errazagoak tartekatuko dira.

Moldagarritasun horri esker, zelaiak bi joko-formatu eskainiko ditu erabiltzaileen mailari egokitu ahal izateko. Horrela, dibertigarriagoa izateaz gain, erabiltzeko aukera eskainiko die, bai jokalari hasiberriei, baita maila aurreratueneko diskolfistei ere.

Zelaiaren Sestaoko zatia, xehetasun txiki batzuk aparte, amaituta dago eta joan den astetik bertan jokatzeko aukera dago. Las Camporras parkean kokatutako bederatzi zulo ditu, bakoitza bere saskiarekin. Portugaletekoa, berriz, obretan dago egun, baina datozen asteetan ibilbide osoa bukatuta eta erabilgarri egotea espero da.

Ainhoa Basabe alkateak Sestaoko Udala disc golf zelaia jartzeko proiektuan parte hartzera bultzatu duten arrazoiak aipatu ditu: "Lehenik eta behin, interesgarria iruditzen zaigu aire zabaleko kirol-jarduera sustatzea, Sestaoko herritarrak aktibo egon daitezen. Bigarrenik, Camporras Parkea aisialdirako eta kiroletarako gune gisa indartu nahi dugu, eta horregatik aspaldi jarri zen kalistenia zirkuitua. Orain, berriz, golf zelaia jarriko dugu martxan, eta 2022rako kirol anitzeko pista bat jartzea eta skate pistak konpontzea aurreikusi dugu. Eta, amaitzeko, hirugarrenik, parkea publiko guztientzako kirol gunea izatea gustatzen zaigu; familiek, lagun koadrilek eta jokalari profesionalek ere erabil dezaketena, alegia.

Jesús Amenedo Kirol zinegotziak aurreratu duenez, Udalak federazioarekin, Bilbao Disc Golf Club taldearekin eta Portugaleteko Udalarekin elkarlanean jardungo du zirkuitu honetan txapelketa profesionalak antolatzeko. Gainera, dibulgazio-lana egingo da ikastetxeetan, udalerriko umeei kirol horretan jokatzen irakasteko.

Amaitzeko, udal arduradunek herritarrei dei egin diete instalazio berri horrekin gozatu eta zaindu eta errespeta dezaten. Udalak 19.000 euroko inbertsioa egin du disc golf zelaia egokitzeko.