Joan den ostiralean, urriak 29, Gurutze Gorriak Barakaldoko egoitza berria inauguratu zuen, Karrantzairu kaleko 6. zenbakian kokatutakoa. Barakaldoko Udalak utzitako lokalak 380m2 erabilgarri ditu.

Barakaldon aurrez aurreko arretarako gune berria abian jartzeak barakaldarrei erantzun integrala ematea dakar; izan ere, hemendik aurrera esku-hartze sozialeko edo boluntariotzako programa berriak eduki ahal izango dituzte, Udalak garatzen duen lanarekin osatuko direnak.

Gurutze Gorriak besteak beste, adinekoei, haurrei, bazterketa-arriskuan daudenei, boluntarioei eta langabezian daudenei zuzendutako programetan oinarrituko du bere jarduera. Zehazki, hezkuntzaren, osasunaren, enpleguaren, gizarteratzearen eta boluntariotzaren arloetako proiektuak landuko dira. Hezkuntzaren arloan, haurrentzako eskola-arrakastaren sustapena garatuko da, eta PINEO taldeek gazteentzako jarduera ludikoak eta informatiboak antolatuko dituzte. Osasunaren arloan, Covid eragile komunitarioen lanarekin jarraituko da, pandemiaren aurrean prebentzio-neurriei buruz sentsibilizatzeko. Enpleguaren arloan, Covid-ek eragindako krisiaren eragin handiena jasaten ari diren kolektiboekin lan egingo da, hala nola gazteekin, emakumeekin, etorkinekin eta 45 urtetik gorako pertsonekin. Gizarteratzearen arloan, zehazki adinekoekin, eta hurbiltasunaren ikuspegitik, narriadura kognitiboaren prebentzioa areagotuko da eta kolektibo horren dinamizazioa sustatuko da. Eta boluntariotzaren arloan, jardueretan boluntario izan nahi dutenei prestakuntza emango zaie.

"Gurutze Gorria gizartearentzako gizarte-erakunde bat da, eta, horregatik, gure konpromisoa pertsonak dira. Barakaldon egoitza berri bat izateko aukera izateak gure laguntza behar duten pertsonen ondoan hurbilago egoteko aukera emango digu. Eta zorte handia dugu boluntario-talde izugarri bat dugulako, Gurutze Gorriaren motor eztabaidaezina eta arima, egunero-egunero ahalegintzen baitira zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen bizitza hobetzen" laburbildu du Senent-ek.

Bestalde, Barakaldoko alkateak azpimarratu du "pandemiak erakutsi digula oso beharrezkoa zela Udalak Gurutze Gorriari laga zion lokal hori. Ez ginen okertu akordio hau itxi genuenean. Gaur ospatzen ari garen lokalaren-irekiera albiste zoragarria da hiriarentzat, gure hiriak premia handiena duten kolektiboen arreta indartzea ahalbidetuko baitu. Arreta hori, gainera, profesional enpatikoen eta konprometituen eskutik egingo da. Abalik onena duten pertsonak, Gurutze Gorria. Nire esker onik zintzoena helarazi nahi dizuet, baita Barakaldorena ere, zuen denbora besteei laguntzen ematen duzuen guztioi, boluntarioei, zuen ahalegina balio erantsia baita gure gizartearentzat".