Barakaldoko Udalak autodefentsa feministako tailerra eskainiko du urriaren 26tik 28ra eta azaroaren 2tik 4ra bitartean. Tailer horiek genero indarkeria eta tratu txarrietan aditua den Isabel Bernal Gallastegui psikologoak emango ditu. Dagoeneko zabalik dago tailerretan parte hartzeko izena emateko epea. Nahi dutenek parte hartu ahal izango dute 010 telefono zenbakian izena emanda. Antolatzaileek espero dute harrera ona izatea barakaldarren aldetik.

Tailerra Rakel Olallak zuzentzen duen Barakaldoko Udalaren Emakumearen Arloko programazioaren parte da. Doako jarduera bat da eta bertan partaideei gakoak emango zaizkie eraso sexista baten aurrean jarduteko eta erantzuteko, baita indarkeria matxistaren jatorria, autodefentsarako baliabide naturalak nahiz eraso batean puntu ahulak zein diren ezagutzeko ere, besteak beste. Tailerrek amodiozko kulturan eta hori transmititzeko moduetan sakonduko dute: mitoak, errituak, estereotipoak, arauei men egin gabe maitasuna kudeatzea zein gatazkak eta emozioak kudeatzeko beharrezko tresnak: jeloskortasuna, segurtasun eza, mendekotasuna, erruduntasuna...

Tailerra bi txandatan emango da, urriaren 26tik 28ra lehenengoa eta azaroaren 2tik 4ra bitartean, aldiz, bigarrena. "Lau eguneko ikastaroak dira, eta bertan 20 emakumeko taldearekin sakon jarduten da, ikasketa indartzeko helburuarekin", azaldu du Olallak. "Bizitzan behin egiteko nahitaezko ikastaroa da. Funtsezko ezagutza ematen du, bai teorikoki bai praktikoki, arrisku egoera batean bagaude, bizia salbatzeko", azpimarratu du Olallak.