Asteburu honetan Barakaldon gertatu diren bi eraso matxistak kondenatu egin ditu igande honetan Erasoen Aurkako Mahaiak. Poliziak harrapatu eta atxilotu egin ditu dagoeneko bi gaizkileak.

Erasoen aurkako Mahaia hiriko elkarte eta emakume-taldeetako eta LGTBIQ+ taldeko ordezkariek, alderdi politikoek eta ordezkaritza teknikoak osatzen dute, eta Barakaldoko bi emakumeek jasandako erasoak gaitzetsi dituzte. Horrez gain, bat egin du mugimendu feministak 18:00etan Herriko Plazan gaitzespen-kontzentrazio bat egiteko egindako deiarekin. Gainera, udalak aukera eman die erasoa jasan duten emakumeei Udala herri-akusazio gisa agertzeko, salaketa-prozesuan laguntzeko.

Neurri horiek Barakaldoko Udalaren Erantzun Publikorako Protokoloan jasotzen dira. Protokolo hori udal teknikariek, Barakaldoko emakume-elkarte eta -taldeek eta udal talde politikoek prestatu zuten batera. Hala, herri-akusazio gisa aurkezteaz eta kontzentrazio publikoaz gain, Erasoen Aurkako Mahaiak erabaki du adierazpen instituzional bat argitaratzea, aste osoan puntu lila duen pankarta bat jartzea Udalaren balkoian eta salaketa publikoa egitea sare sozialen bidez.

Atzo izan ziren gertakariak, 19 urteko emakume batek bikotekidearen aitaordearen gainean aurkeztutako salaketaren ondoren. Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu zuen eta ikerketa oraindik irekita dago. Bigarren erasoa goizean izan zen: emakume bat erasotzen saiatu zen gazte bat atxilotu zuten.

Mahaikideei jakinarazi die Emakume Arloko Rakel Olallak, gertakarien berri izan bezain laster jarri zela harremanetan erasoa jasandako emakumearekin, udalaren babesa adierazi eta Arloak bere esku dauzkan baliabideak eskaintzeko.

Mahaiak gaitzespen publikoko testu bat adostu du, eta Udaleko balkoiak puntu lila bat du, salatutako gertaerak gaitzesteko seinale. Gainera, webguneak eta udal-sare sozialek testu bat erakutsiko dute Barakaldok ez du onartzen emakumeen aurkako indarkeria leloarekin.

ALKATEAREN KONDENA

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak gaitzetsi egin ditu eraso matxistak, horiek baitira gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren mailarik gorena. "Ulertezina da horrelako albisteak entzuten jarraitu behar izatea, eta emakumeok, emakume izateagatik soilik, horrelako ekintza gaitzesgarri eta iraingarrien eraginpean egon behar izatea. Jakina, Udalean lanean jarraituko dugu eraso horiek ikusarazteko eta biktimen ondoan egoteko, gure esku dagoen laguntza guztia eskainiz eta emanez", adierazi du Del Campok. "Elkartuta egon behar dugu, eta emakumeak errespetatzen ez dituztenei erakutsi, beti aurrez aurre izango gaituztela borrokan, beren ekintzen ondorioak ordain ditzaten", esan du amaitzeko.