Barakaldoko Udalaren webguneak eduki berriak izango ditu. Udalak online zerbitzua berrituko du, erabiltzaileenganako irisgarritasuna hobetze aldera.

"Hobekuntza horien bidez egunerokoa erraztu nahi diegu barakaldarrei, bai eta hiri segurtasunaren inguruan sor dakizkiekeen zalantzak argitu ere", horrela baloratu du Madrazok azken sei urteotan webean egin den lehenengo eguneratzea.

Bi arlotan dago zatitua edukia: Udaltzaingoa eta Babes Zibila. Horrela, bizilagunak segituan aurkitu ahal izango dute bila dabiltzan informazioa. Arlo horietako bakoitzak intereseko hainbat atal ditu, eta horien artean 'Izapideak' izeneko atal berria nabarmendu behar da.

Ángel Madrazok azaldu duenez, "Udaltzaingoaren eta Babes Zibilaren kasuan, izapide ohikoenak jaso dira, eta izapide bakoitza argi eta erraz izapidetzeko prozedura laburbildu da". Ildo horretan, izapide bakoitzaren informazioaren amaieran, udalaren egoitza elektronikorako esteka bat jarri da, erabiltzaileak errazago eskura dezan izapidea telematikoki egiteko kanala.

Online egin daitezkeen izapideen artean, nabarmentzekoak dira arma-baimenei, genero-indarkeriaren biktimei laguntzeari eta isunen ordainketari lotutakoak.

Era berean, Herritarren Segurtasunari buruzko eduki berrietan hiru atal kontsulta daitezke segurtasunari eta babesari buruzko kontsulta ohikoenetako batzuk konpontzeko: 'Maiz egiten diren galderak', 'Polizia-aholkuak' eta 'Autobabeserako gomendioak'.

ENPLEGU PLANAREN BIDEZ

Webgunea berritzeko, Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloak komunikazioaren, marketinaren eta diseinu grafikoaren arloko profesional bat izan du, Barakaldoko Enplegu Planaren bidez kontratatua, eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak Lanbideren bidez finantzatua.

Ángel Madrazok gogorarazi duenez, Enplegu Plan horren helburua langabezia-tasa murriztea eta laneratzeko zailtasun handienak dituzten sektoreei aukerak eskaintzea da. "Barakaldon, Covid-19k eragindako osasun-krisiaren ondorioz lana galdu zutenak lehenetsi ditu Inguraldeko Enplegu Arloak, eta, hain zuzen ere, gaur aurkezten ditugun edukiak berritzeko lanak egin dituen profesionalak pandemiagatik galdu zuen bere enplegu finkoa", azaldu du zinegotziak