Ezkerraldea

Katu-koloniak babesteko informazio kartelak jarri ditu Barakaldok

08.05.2021 | 04:00

BARAKALDO. Udalerrian dauden katu-koloniak babesteko informazio-kartelak jarri ditu Barakaldoko Udalak, Garapen Iraunkorra eta Ingurune Naturala sailaren bitartez. Kartelak elebidunak dira, hau da, euskaraz zein gaztelaniaz idatzita daude, eta herriko 11 puntutan jarri dira. Alba Delgado zinegotziak neurri honen nondik norakoak azaldu ditu.

"Karteletan gure ustez guztion artean kolonietako katuak babesteko informaziorik garrantzitsuena eskaintzen dugu. Helburua, gure felinoekin ahalik eta elkarbizitza harmoniatsuena lortzea. Errespeta ditzagun eta, aldi berean, errespetatu dezagun Lagunak Animalista Elkarteko boluntarioek katuak zaintzen egiten duten lan bikaina ", esan du Delgadok.

Honako auzootan banatu dira Barakaldoko katu-kolonietan dagoeneko jarrita dauden 11 kartelak: Ansion (2), Gorostitzan, Beurko-Santa Teresan, San Bizenten (3), Arrontegin (3) eta Desertu-Urbanen.

Idazkun bakoitzean testu hau ageri da: 'CES proiektuan sartutako katu-kolonia. Esterilizatua eta boluntarioek zaindua. Debekatuta dago, zigortuta, katuak abandonatzea, gaizki tratatzea, ostea eta elikatzea (baimendutako elikatzaileak izan ezik). Txakurra kalera ateratzerakoan, ez utzi katuak beldurtzen'. Halaber, kartelean Lagunak elkartearekin edo Udalarekin harremanetan nola jarri adierazten da.

Kasu zehatz batzuetan, berdegune txiki bat hesituko da eta katuentzako etxolekin egokituko da, baita barruko landaretza berriarekin ere."Jateko eta babesteko gune seguru bat aurkitzea da helburua, batzuetan katuak arrisku handiegiak dituzten lekuetan bizi baitira. Ansion, adibidez, arazoa aurreikusi, eta hesia jarri dugu, etxebizitzak eraikiko diren lursail partikular batean dauden kolonietako katuak inguruko eremu batera garaiz lekualdatzeko", azaldu du Alba Delgadok.

BAIMENDUTAKOAK

Lagunak Animalista Elkarteko boluntarioak dira koloniak elikatzeaz eta CES (harrapaketa, esterilizazioa eta askatzea) metodoa ezartzeaz arduratzen direnak .

Barakaldon gaur egun 76 pertsonak dute Garapen Iraunkorra eta Ingurune Naturala Alorreko baimena hiriko kale-katuen koloniak elikatzeko, Alba Delgadok azaldu duenez. Dekretu batek ematen die lan hori egiteko ahalmena, eta horrek segurtasun juridikoa ematen die, Bide Garbiketaren Ordenantzak debekatu egiten baitu kaleak zikintzea eta, beraz, animaliei jaten ematea. Harreman ofizial horretan ez daudenek ez dute katu barakaldarrak elikatzerik.

Elikatzaileek katuei jaten emateko baimena dutela egiaztatzen duen txartela daukate, bai eta behar bezala serigrafiatutako txalekoa ere, identifikagarri egiten dituena, inolako dokumenturik erakutsi beharrik gabe.

noticias de deia