SESTAO. Hasi da dagoeneko Sestaoko La Puntako alokairu-erregimeneko etxebizitzen banaketa. Eusko Jaurlaritzak etxebizitzetako giltzak entregatzen hasi da jada, Alokabide sozietate publikoaren bidez.

47 etxebizitza hauek Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, 2005. urtean Udalarekin sinatutako birgaitze-hitzarmenaren babesean, udalerriko kokagune honetan eraiki dituen 163 etxebizitzetako sustapenaren zati bat dira.

Hitzarmen honen bitartez, Udalak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuen 41.075 metro karratuko partzela, VISESA sozietate publikoak hasieran bi eraikin egiteko eta, gerora, beste bi eraikitzeko.

Dagoeneko amaituta daudenen artean ageri da alokairu sozialeko 58 babes publikoko etxebizitzen lehenengo blokea, Sestaoko Udalak kudeatutakoa, eta 105 etxebizitzen beste bat, erdia (53 BOE) salmentarako izaki. Gainerako 52 etxebizitzak dira Alokabidek hurrengo astetik emango dituenak alokairu babesturako, bost izan ezik, Sestaon hirigintza- eta zaharberritze-eragiketen ondorioz berriz ostatua emateko baitira. Sustapenean guztira 6,4 milioi euroko inbertsioa egin da.

Familiek lortuko dituzten berrogeita hamar etxebizitza inguru horietatik 19k bi logela dituzte -bost mugikortasun mugatuta duten pertsonentzat egokituta daude- eta 33k hiru logela. Guztiak alokairu-etxebizitzak dira, Etxebizitzaren Legeari eta Eusko Jaurlaritzaren politikei jarraikiz, alokairuaren parke publikoa bultzatzeko.

Etxebizitzak Sestaon erroldatutako pertsonentzat dira, jabetzan etxebizitzarik ez badute eta 9.000 eta 39.000 euro arteko diru-sarrerak badituzte. Gutxieneko diru-sarreren baldintza ez da eskatzen mugikortasun murriztua edo desgaitasun psikikoa dutenen kasuetan, ezta genero-indarkeriaren biktimen edo etxebizitzarako eskubide subjektiboa onetsia duten pertsonen kasuetan ere.

Era berean, kupoak jarri dira etxebizitzaren behar bereziarengatik talde zehatzei, hala nola gazteei, lehentasuna emateko. Kupo ugariena, hain zuzen, 15 etxebizitzena (sustapenaren % 35,71), gorde da gutxienez pertsona titular batek 36 urtetik behera dituen bizikidetza-unitateetarako, % 30,95 (13 etxebizitza) etxebizitzaren behar berezia duten pertsonentzat, % 19 (zortzi etxebizitza) etxebizitzarako eskubide subjektiboa duten pertsonentzat eta sei etxebizitza (sustapenaren % 14,28) kupo orokorrerako.

Joan den astelehenean, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak La Puntako sustapena bisitatu zuen, Ainhoa Basabe behin-behineko alkatearen eta Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordearen laguntzaz.

Bisitan Ainhoa Basabek Eusko Jaurlaritzari eskertu zion udalerriaren hiri-zaharberritzearen prozesuan Sestaoko Udalari emandako laguntza. Babesa funtsezkoa da Sestaon proiektu estrategikoak garatzeko, besteak beste, La Puntako hirigintza- eta bizitegi-proiektua.

Udal titulartasuneko 58 etxebizitzei dagokienez, behin-behineko alkateak azaldutakoaren arabera, Txabarri-El Soleko birgaitze-eragiketetatik datozen familiei ostatua emateko, udal-etxebizitzen zozketa publikoa egiteko eta Gizarte Ekintza Arloko beharrei erantzuteko erabiliko dira.

Bestalde, Iñaki Arriolak gogorarazitakoari eutsiz, Euskadiko udalerriak aintzat hartuta, Sestaon Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak egin du inbertsio-ahalegin handienetakoa, bai La Puntako proiektuarengatik, bai Txabarri-El Sol eremuan egiten ari diren birgaitze-proiektuengatik. Hala, alokairuko etxebizitza berrien eta hiria birgaitu nahiz eraberritzearen esparruan esku-hartzerik handiena da Euskadi osoan.