BARAKALDO. Barakaldoko Udaleko Herritarren Segurtasuneko eta Babes Zibileko zinegotzi Ángel Madrazok ezagutzera eman du udalerriko Udaltzaingoak identifikatu egin duela aurreko astean Errekatxo inguruan atzemandako obra hondakinak bota izanaren arduraduna. Zinegotziaren hitzetan, agenteek egiaztatu ahal izan dute gaur egun obretan dagoen ostalaritza lokal batetik zetozela zakuak.

Jarduketa joan den martxoaren 12an abiatu zen, Errekatxo inguruko baso bide baten ondoan aldapa handia duen eta zuhaitzak dituen gune batean botatako zaku asko eta barreiatutako hondakinak zeudelako.

"Udaltzainak bertaratu ziren eta 30 zaku topatu zituzten. Hondakinen edukia ikuskatu ostean, zakuetako batean ostalaritza lokal bat identifikatzeko hainbat dokumentu aurkitu zituzten", azaldu du Madrazok. Informazio horri esker, agenteek identifikatu zuten joan den urtarrilera arte ostalaritza lokal baten arduraduna izan zena. Urtarrilean hirugarren bati eskualdatu zion lokala.

Establezimendua identifikatu ostean, agenteek hainbat bider bisitatu zuten, eta aldi guztietan itxita zegoen. Azkenik, joan den martxoaren 17an, arratsaldez, agenteek oraingo titularra aurkitu zuten lokalean, eta ikuskapena egin zuten. Orduan baieztatu zuten obretan zegoela lokala: lurraren zati bateko tronadura kenduta zegoen, barraren estaldura ere bai, eta komunen alikatatua.

Negozioaren titularrak ukatu egin zuen kontrolik gabe bota izana hondakinak, eta adierazi zuen obrako hondakinak Garbigunean utzi zirela.

Hala ere, agenteek basoko bidetik jasotako lauza zati bat erakutsi zuten eta, establezimenduaren arduradunaren aurrean lurraren gainean jarri ostean, egiaztatu zuten botatako hondakinak zeuden puntuan jasotako lagina bat zetorrela oso-osorik lurreko gainerako lauzen patroiarekin.

Ángel Madrazo pozik azaldu da Udaltzaingoaren lanari esker gizalegearen kontrako ekintza baten jatorria aurkitu ahal izan delako; izan ere, ekintza horrek Barakaldoko ingurumena kaltetzen du. "Arduragabeko jarduketa hauek ezin daitezke zigorrik gabe gelditu", adierazi du Herritarren Segurtasuneko eta Babes Zibileko zinegotziak.