BARAKALDO. 176 zuhaitz eta zuhamuxka landatuko dira Barakaldoko Castaños ibaiaren meandroan, erribera-baso txiki bat osatzeko Gorostitzako kiroldegitik hurbil dagoen Tellaetxe parkean. Ekimen honetan Barakaldoko Udaleko Garapen Jasangarria Arloak, Osakidetzako Sestaoko Osik eta Ekologistak Martxan elkarteak hartu dute parte.

Landatuko diren zuhaitzetako 106, helduak dira. Horrela konpentsatu nahi da duela gutxi San Eloy ospitalearen aldamenean zegoen sekuoiaren mozketa.

Boluntarioek landatuko dituzte zuhaitz eta zuhamuxkak. Gaurkoan, Gurutzetako BHIko hezkuntza komunitateak hartuko du parte, eta bihar, berriz, larunbatarekin, Barakaldoko bizilagunek. Hiru egunetan egingo dira bi txanda: 11:00eatik 12:00etara eta 12:30etik 13:30era.

Gaur goizean, bisita instituzionala egin dute Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala Arloko zinegotzi Alba Delgadok, URA agentziako zuzendari nagusi Antonio Aiz, Osakidetzako Barakaldo-Sestaoko OSIko gerente Julen Ballesterok eta Ekologistak Martxan elkarteko ordezkari Javier Vázquezek.

Konpentsazioa erabakitzeko, estimatutako alearen adina (106 urte) eta ingurumen-aztarna kalkulatu dira: CO2 eta beste kutsatzaile batzuk xurgatzeko gaitasuna, beste ingurumen-efektu batzuk¿ Proiektua, gainera, Ekologistak Martxan elkarteak Barakaldoko ibaiak naturalki leheneratzeko egindako Plan Estrategiko baten proposamenari lotzen zaio.

Ingurune naturalaren inguruko pedagogia- eta kontzientziazio-lana egin nahi da ekimenaren bitartez, bai eta Barakaldoko ondare naturala sustatu ere. Horren guztiaren helburu ibai-ekosistema eta haren biodibertsitatea babestea.

Gogorarazi behar da Nazio Batuen Erakundeak (NBE), Ekosistemak Lehengoratzeari buruzko Hamarkadaren esparruan (2021-2030), basoetan, hezeguneetan, eremu idorretan eta garapen jasangarrirako, pobrezia arintzeko eta gizakien ongizatea hobetzeko funtsezkoak diren beste ekosistema natural batzuetan premiaz jarduteko beharra adierazi duela. Hori guztia, gainera, azpimarratuz erakunde eskudunek lankidetzan jardun behar dutela, koordinatu egin behar direla eta sinergiak sortu behar dituztela ekosistemak lehengoratzeko lanean, beren mandatuaren arabera.