3.000 euroko aurrekontua

Euskaraz errotulatzeko laguntzak eskatzeko epea ireki du Barakaldok

05.02.2021 | 19:33

BARAKALDO. Barakaldoko Udalak 3.000 euroko aurrekontua bideratuko du udalerriko negozioak euskaraz errotulatzeko kanpaina gauzatzeko. Laguntza horiek eskatzeko epea zabalik dago dagoeneko, eta Barakaldoko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduek eskatu ahal izango dituzte.

Laguntza horiei esker, Barakaldon kokatutako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako edozein establezimenduren titularrak euskaraz jartzen baditu errotuluak goian adierazitako epean, errotulazio-gastuen % 50 edo % 25 berreskuratzeko aukera izango du, kasu bakoitzaren arabera.

Gaur, otsailaren 5ean, zabalduko da euskarazko errotulaziorako laguntzak eskatzeko epea, eta abenduaren 10era arte, ostirala, egongo da zabalik.

Laguntza-deialdi honi buruzko informazio guztia (eskabide-eredua, aurkeztu beharreko dokumentazioa udalaren webgune hauetan eskura daiteke:

Egungo pandemia dela eta, eskaerak telematikoki aurkeztea gomendatzen da, Barakaldoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Horretarako, identifikazio elektronikoren bat eduki beharko da, B@kQ motakoa, zeina doan eta aurrez hitzordurik gabe eskatu ahal izango den Herritarren Arretarako Zerbitzuaren (HAZ) udal bulegoetan.

Aurrez aurreko eskabidea aukeratuz gero, nahitaezkoa izango da aldez aurretik hitzordua eskatzea telefono honetan: 944 789 200.

"2018an jarri genuen martxan ekimen hau, eta bultzatzen jarraitu nahi dugu denden eta ostalaritza-lokalen arduradunei laguntzeko eta gure kale eta negozioetan euskararen presentzia areagotzeko", adierazi du Iratxe Foces Euskara zinegotziak.

noticias de deia