SESTAO. Lanean daude dagoeneko Sestaoko Udalak Lanbiderekin batera abiarazitako azken enplegu-planari esker kontratatutako 73 bizilagunak. Bi administrazio publikoek 1,4 milioi euroko inbertsioa egin behar izan dute ekimen hau aurrera eraman ahal izateko.

“Enplegu-planen edizio hau covid-19aren ondorioz bizi dugun ekonomia- eta gizarte-egoerarekiko bereziki sentikorra da. Horregatik, berriz ere erakunde publikoek ahalegin ekonomiko garrantzitsua egin dugu, gure biztanleei suspertzen eta berriz ere lan-merkatuan sartzen lagunduko dien esperientzia eskuratzeko”, aipatu du Enplegu zinegotziak, Jesús Amenedok.

Sestaoko Udalak leial bete ditu Lanbidek enplegu-planei buruzko deialdiaren oinarrietan finkatutako baldintzak. Enplegu-plan orokorrean sei hilabeterako egin diren 70 kontratazioetatik, 29 emakume eta 41 gizon hartu dira, beraz, nahitaezko emakume-enpleguaren % 40 gainditu da. Halaber, beste eskakizun bat bete da, hain zuzen, taldearen % 30 kontratazioaren unean diru-sarrerak bermatzeko errentaren hartzaile izatea. Azkenik, 55 urtetik gorakoek % 15eko ehunekoa gainditu dute. Gidalerro horiek Lanbidek zehazten ditu, enplegua lortzeko orduan talde kalteberenek lehentasuna izan dezaten.

Gazteen enplegu-planari dagokionez, 30 urtetik beherako hiru pertsona kontratatu dira eta Udalerako lan egiteari esker, urtebeteko esperientzia bereganatuko dute.

Enplegu-planak abian jartzearekin, berriz suspertu dira honako programa hauek: hiria edertzea eta udal eraikinak nahiz lokalak egokitzea, mendekotasunak dituzten pertsonei laguntzea, udal agiritegia kudeatzea, kirol jarduna sustatu eta hobetzea, baita proiektu honen esparruan garatzen diren beste programa batzuk ere.