BARAKALDO. Joan den martxotik hona, Barakaldoko Udalak udal kudeaketak online egitea ahalbidetzen duen 1.500 B@kQ egiaztagiri baino gehiago tramitatu ditu. Barakaldarrek Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan eskura dezakete egiaztagiria, erabat doan eta aurretik hitzordua eskatu gabe.

Covid-19ak eragindako krisiak aldatu egin ditu Udalarekin harremanak izateko moduak; halatan, online tramitazioak bultzatu dira, jende pilaketarik egon ez dadin, eta joan-etorriak gutxitu daitezen. Udal webguneko egoitza elektronikoan 140 tramite eta zerbitzu gehiago eskaintzen zaizkio herritarrari. Bide hori baliatu nahi izatekotan, B@kQren moduko egiaztagiri elektronikoa eskuratu behar da, eta horrela, kudeaketak egiteaz gainera, beste erakunde batzuetako informazio telematikoa jaso daiteke, esate batera, Bizkaiko Foru Aldundikoa nahiz Osakidetzakoa.

Martxoan pandemia hasi zenetik, Udalak 1.500tik gora egiaztagiri elektroniko egin ditu. "Txartela doakoa da, eta etxean bertan eduki ditzakegu udal bulegoak, tramiteak modu erraz, seguru eta bizkorrean egiteko. Hori dela eta, herritar guztiak animatzen ditugu egiaztagiria eskuratu eta tramiteak online egitera", azpimarratu du Alkatetza, Gobernu Irekia eta Herritarren parte-hartzea Arloko zinegotzi Gorka Zubiaurrek. "Udalak dena prestatua dauka tramiteak elektronikoki egin ahal izateko; orain herritarrek eman behar dute pausua, baina horretarako ezinbestean eskuratu behar dute B@kQ txartela", adierazi du.

AURRETIKO HITZORDURIK GABE

B@kQ lortzeko, udaletxera etorri behar dute herritarrek, Herriko Plazan dagoen Herritarrentzako Arreta Bulegora. Horretarako ez da aurretiko hitzordurik eskatu behar. "Tramitea erraza da; NANa aurkeztu, eta txartela eta ezkutuko zenbakiak emango dizkizute tramiteak etxetik egin ahal izateko", azpimarratu du. Zenbait anbulatoriotan ere eskatzea dago.

Modu ofizialean dokumentazioa erregistratu, errolda-orria eskatu, tasa edo zergak ordaindu, obra eta jarduera lizentziak eskatu eta diru-laguntzak eskatzeko biderik errazena da.