BARAKALDO. Eusko Jaurlaritzak Barakaldoko Kastrexana auzoko trenbide-pasabidearen segurtasuna indartzeko lanak abiaraziko ditu. Horretarako, babes-hesiak jarriko dituzte. Lan horiek egiteko aurrekontua 150.000 eurokoa izango da.

"Auzotarrek pozarren hartu dute berria, haien eskari historikoetako bat betetzera doalako; betidanik izan du eskariak gure babesa, eta hiru hilabeteren buruan segurtasun handiagoz gurutzatu ahal izango dute trenbidea", adierazi du Barakaldoko alkate Amaia Del Campok.

2015ean, artean oposizioko buru zela alkatea, idatziz eskatu zion Udalari Kastrexanako herritarren segurtasuna bermatzeko neurriak galda zitzala. Diputatuen Kongresura ere heldu zen ADIFi zuzendutako eskaria EAJ-PNVko bozeramaileen eskutik, lehenik, Josu Erkorekarenetik, eta ondoren, Aitor Estenbanenetik, egoera konpontzeaz ardura zitezen. Eusko Jaurlaritzak transferentziak eskuratu bezain laster eskatu zion Udalak ETS-Euskal Trenbide Sareari lanak burutu zitzala. Azkenean, bada, hiru hilen buruan mustu ahal izango dute auzoek azpiegitura, epe hori baita lanak burututa ikusteko aurreikusitakoa.

PUNTU ARRISKUTSUA

Babes-hesia jarritakoan, Kastrexanako auzotarrek segurtasun handiagoz gurutzatu ahal izango dute trenbidea, hala oinez nola ibilgailuz. Hobekuntza handia da, zeren, tren asko ez dabilen arren bide horretan, azken urteotan gertakari bat baino gehiago jazo izan baita bertan. "Euskal Trenbide Sareak egingo dituen lanei esker, trenbidearen bidegurutzean oso txarto ikusteak azken urteotan eragin dituen arrisku egoerak saihestuko dira. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiet Eusko Jaurlaritzari eta lehendakari Iñigo Urkulluri Kastrexanako herritarren eskariari erantzuteagatik, jarduketaren karietara haien bizi kalitatea nabarmen hobetuko delako.

Horrez gainera, ibilgailuak ere hobeto ibiltzeko lanak egingo ditu Udalak, ibilgailuen azpiek urradurarik izan ez dezaten ingurua asfaltoz betez.