BARAKALDO. Atzo, hilak 29, Barakaldoko Udaleko Herritarren Segurtasun arloko zinegotzi Angel Madrazok ontzat jo zuen Udaltzaingoak eta Babes Zibileko boluntarioek alerta sanitarioa iraun duen denbora honetan egin duten lana.

Martxoaren 14an osasun-larrialdia deklaratu zenetik ekainaren 21eko alarma egoera amaitu den arte, polizia esku-hartzeak % 43,7 handitu dira 2019ko aldi berarekin alderatuta; iaz 5.911 jarduera egin ziren, eta 2020an, ostera, 8.493. Hala ere, biztanleriaren konfinamendua dela eta, delitu arruntak nabarmen murriztu dira.

"Udaltzaingoak herritarrei egunero informazioa emateko egin duen lana oso garrantzitsua izan da, auzotarrek telefonoz eta 'korriketan' -patruilak oinez- egiten zituzten kontsulta guztiak konponduz, auzo guztietan indartu baitira", azaldu du Angel Madrazok, Jose Felix Segurola Udaltzaingoko buruarekin eta Eder Novo Babes Zibileko ordezkariarekin batera.

Udaltzaingoa lehen lerroan egon da kalean, kutsatzeko arriskua bere gain hartuta. Herritarren Segurtasun Arloak ezarritako segurtasun eta babes neurriek emaitza ona izan dute. Izan ere, aldi horretan 5 kutsatze baino ez dira izan agenteen artean, eta guztiak eremu pertsonalean edo familiarrean erregistratu dira.

Deseskalatze-faseetan arauak aplikatzean sortu diren zalantzek arauak ia egunero aztertzea eta interpretatzea ekarri dute, Udaltzaingoko talde operatibo guztiek jardun koordinatua eta homogeneoa izan dezaten.

Aginte bakarrak osasun-alerta dela-eta emandako konfinamendu-aginduak kontrolatzeko eta betetzeko emandako aginduak betez, Udaltzaingoak hainbat jarduketa eta kontrol egin ditu osasun-krisiaren aldi horretan:

  • Agintari Sanitario edo Judizialen errekerimendua: 4
  • Pertsonak garraiatzeko azpiegiturak: 123
  • Osasun-zentroak: 269Hornidura-zentroa: 375
  • Identifikatutako pertsonak: 1.423
  • Atxilotuak: 9
  • Jarritako salaketak: 1.822
  • Geldiarazitako ibilgailuak: 3.860
  • Bestelakoak: 983

BABES ZIBILA

Babes Zibileko boluntarioei dagokienez, Madrazok gogorarazi du "hainbat eraikin, adinekoen zentro eta Beurko eta Lutxanako elikagai bankuen garbiketa eta desinfekzio lanetan esku-hartu dutela, baita Espainiako Gobernuak garraio publikoan emandako musukoak banatzen ere, eta 71.400 ale entregatu dituztela".

Babes Zibilaren laguntza funtsezkoa izan da, halaber, Bakea eta Ansio asteroko azoka txikiak berriz ere jendearentzat irekitzeko. Azoka horietan, esparruen sarreran eta irteeran, edukiera kontrolatzeko eta musukoa eta gel desinfektatzailea banatzeko lanak egiten ari dira.

Guztira, Barakaldoko Babes Zibilak 277 zerbitzu eman ditu, guztira 2.260 ordu.

'Normaltasun berriaren' egoerari begira, Angel Madrazok barakaldarren erantzukizuna espero du, gerta daitezkeen kutsatzeen kontrola mantentzeko: "Garrantzitsua da auzotar guztiek jokabide erantzunkidea barneratzea, jende arteko distantziari eta musukoaren erabilerari dagokienez ezarritakoa betez. Ezin dugu pentsatu birusa desagertu denik, eta kosta ahala kosta saihestu behar dira ezarritako neurriak jarraitu gabeko kongregazioak, beste udalerri batzuetan bizi izan direnak kasu. Orain arte, Barakaldon, kasu gutxi batzuk izan ezik, herritarren portaera orokorra eredugarria izan da eta horrela mantendu behar da ".