ABANTO-ZIERBENA. Koronabirusak eragindako krisialdiak egin dituen kalte ekonomikoak gutxiagotzeko helburuarekin, Molycop-Santa Ana de Bolueta enpresak 4.000 euro emango ditu Abanto-Zierbenako beharrak dituzten herritarrei premia biziko produktuak erosteko.

Abanto Zierbenako Gizarte Zerbitzuek kudeatuko dute ekimena; laguntza jasoko duten pertsonak hautatuko dituzte eta erosketak udalerriko establezimenduekin koordinatuko dituzte. Molycop enpresak 500 euro emango ditu 8 hilabetez, eta Abanto Zierbenako negozioetan erosketa-orga horiek sortutako fakturak ordainduko ditu.

"Helburua da familia eta pertsona ahulenei (haur, nagusi edota gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonei) laguntzea. Horiei normalean elikagaien bankuan ematen ez zaizkien produktuak emango zaizkie, fruta eta barazkiak adibidez", azaldu du Maitana Martinez Goirik, Abanto Zierbenako Garapen Ekonomiko eta Enpleguko zinegotziak.

Molycop-Santa Ana de Bolueta enpresak ia 180 urte ditu, eta hamar urte daramatza Gallartako Abra industrialdean; altzairuzko bola forjatuak egiten ditu eta horiek mineralak ehotzeko erabiltzen dira. Enpresak hasieratik oso argi zuen koronabirusak sortutako osasun-krisialdi honetan lagundu nahi eta ahal zuela.

"Uste dugu laguntzeko modu onena gure bi fabrikak dauden udalerrietan, Abanto Zierbenan eta La Rinconadan (Sevilla), laguntza ekonomikoak ematea dela", azaldu du Santa Ana de Boluetako presidenteak, Felix Fornaguerak.

"Alde batetik, premia biziko produktuak, produktu freskoak, eramango dizkiegu gure familia ahulenei. Bestalde, gure saltoki txikiak bultzatuko ditugu, guztia udalerritik atera gabe erosiko dugulako. Uste dugu laguntza bikoitza dela, eta hori eskertzekoa da Covid-19arekin bizi dugun egoera zail honetan", adierazi du amaitzeko Martínez Goirik.