BARAKALDO. Kbusek berritasun ugari dakartzan kontratu berria sinatu egin du. Besteak beste, iriste-errazagoa izango du, jasangarriagoa izango da eta auzo gehiagotara heldu ahal izango da.

Kontratu berri honekin, zirkular bihurtuko da 1. linea; beraz, ibilbideak 634a, Desertu Berria eta Lutxana zeharkatuko ditu. Linea horrek sei autobus izango ditu aldi berean. 1. linea berak emango dio zerbitzua Burtzeña auzoari, Zorrotzako muga ezartzen duen biribilguneraino jaitsiz.

Gainera, linea berri bat sortuko da, 3. linea, Kadagua eta Kastrexana lotuko dituena, La Constancia, Bakea, Gurutzeta plaza, Munoa eta Zubiletatik igaroz, eta Kastrexanan amaituz. Kbusen kontratu berriak hobekuntzak ekarriko ditu autobusetan. Baldintza agirietan jasotzen denez, gutxienez 8 autobus egon behar dira, horietako bi hibridoak, eta guztiek izan behar dute beheko solairu integral bat. Gainera, autobusaren barruan, erabiltzaileek USB portua izango dute mugikorrak edo tabletak kargatzeko, Wifi zerbitzua eta 30 hazbeteko informazio pantaila. Ibilbideak eta itxarote-denborak kontsultatu ahal izateko, APP bat prestatuko da, Kbuseko erabiltzaileek hurbilen duten geltokira nola iritsi eta autobus berria iristeko falta den denbora jakin ahal izateko.

Enpresa esleipendunak, behin kontratua formalizatuta, sei hilabete dauzka autobus berriak erosi eta prest jartzeko eta zerbitzu berriari ekiteko. Pandemiaren aurretik urtearen bigarren seihilekoan hastea espero zen, baina Covid-19aren ondorioz, datorren urtearen hasieran jarriko da martxan."Albiste ona da hau Barakaldorentzat, izan ere, kontratu honek gainditu behar izan dituen zailtasun guztien ondoren, gure kaleetan Kbus berriak ikusteko zorian baikaude", adierazi du Jon Andoni Uria Auzoetako eta Hiriko Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.

"Herritarrak irrikaz izan dituen proiektu hau errealitate bihurtu da auzotarren eta udal honetan ordezkaritza duten alderdi politiko guztien inplikazioagatik, aurreko legealdian Amaia del Campo alkatearen gobernu taldeak egindako proposamenarekin bat egin baitzuten", adierazi du Uriak.

TERRAZEN TASA BERTAN BEHERA UTZIA

Era berean, 2020 urtean terrazen tasa bertan behera uztea onartu du osoko bilkurak. Neurri hori Ogasun Arloak jarri du martxan, koronabirusaren pandemiak eragindako nahitaezko itxieraren ondorioz sortutako egoera ekonomikoa arintzeko. "Ekimena osoko bilkuran formalizatu beharra zegoen; orain has gaitezke pandemia hedatu aurretik, alegia, martxoa baino lehen, kobratu den zati proportzionalaren itzulketak tramitatzen", adierazi du Danel Sola Ogasuneko zinegotziak.