BARAKALDO. Gurutzetako kultur etxeak 12 eta 18 urte bitarteko gazteei bideratutako gune berria estreinatuko du hurrengo astelehenean, martxoaren 16an, handitze-lanak bukatu eta gero.

2017an gazteentzako udal-espazioak hobetzeko plan bat abiarazi zen. Lan horren ondorioz, CIS Integrazio Soziokulturalerako Zentroaren topalekua eta beste gazte-gune bat sortu ziren Lurkizagan, Gurutzetako topalekuarekin batera. Berrantolaketa horri esker, gainera, Clara Campoamor kultur etxeko lokalak berregituratzea erabaki zen, eta Txikiguneko espazioa handitu zuten: "Modu horretan, gune hori erabiltzen duten eta espazio apur bat gehiago eskatzen zuten 300 familia baino gehiagoren eskaerari erantzuna eman zaio", adierazi du Martinezek.

Plan horren barruan, Gurutzetako topalekua berritu eta zabaldu da orain, eta zabalagoa, erosoagoa eta irisgarriagoa bihurtu dute. Horretarako, talde eragile bat sortu da eta bertan Giltzarriko erabiltzaileek, hezitzaileek eta udal teknikariek hartu dute parte. "Azken asteotan modu bateratuan lan egin dute lokal berri hau egokitu, birdiseinatu, apaindu eta jardueraz betetzeko, eta solairu nagusian dago", azaldu du zinegotziak. Erreforma horren bidez, Barakaldoko Udaleko Gazteria Azpiarloko 12 eta 18 urte bitarteko neska-mutilekin parte hartzeko eta hezkuntza-aisialdiko zerbitzuak espazio zabalagoa eta ikusgarriagoa jarri du nerabeentzat, eta haren hedadura eta edukiera bikoiztu ditu, orain 100 metro karratutik gorako lokal bat baitu.

Topalekuak Giltzarri izeneko Udalaren Gazteria programaren barruko aisialdirako guneak dira. 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzako topaguneak dira, eta hezitzaileen dinamizazioaren bidez aisialdi hezigarrirako alternatibak eskaintzen dituzte. "Taldeez, tailerrez eta txangoez gain, gazteek mahai joko, futbolin, ping-pong, Wii, eta sofa, mahai eta altzari egokituak dituzte gune honetan ongi pasatzeko", adierazi du Martinek.

Era berean, lokalak gazte informaziorako gunea ere osatzen du, eta Gazte Bulegoa izeneko Gazteentzako Informazio eta Laguntza Zerbitzuko hezitzailea arituko da bertan, asteazken arratsaldetan.

ESPAZIO BERRIAREN IREKITZEA: HILAREN 17an, ASTEARTEA

Gune horiek 17:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik. Hain zuzen ere, topalekua datorren astean irekiko da eta Gazteria Arloak jai txiki bat prestatu du erabiltzaileentzat, eta honako hauek izango ditu oinarri: Gurutzetako Topalekuko Talde Motorraren erakustaldi txiki bat, gazte-gune berriaren making offaren proiekzioa, Giltzarriko gazteen musika-emanaldia eta askaria. "Gure gazteak eta haien familiak gonbidatu nahi genituzke festa honetara, gazte programa hau ezagutzeko modu ezin hobea baita", gonbidatu du Martinek.

Jaia martxoaren 17an egingo da, asteartea, 18:00etan.