BILBO. Barakaldoko udalak 100.000 euro emango dizkie ikastetxeei eskolaz kanpoko jarduerak egin dezaten. Aurten nobedade gisa, auzoetan dauden bulego elektronikoen bitartez erregistratu ahal izango dira eskaerak.

100.000 euro inbertituko ditu Barakaldoko Udalak hiriko kirola eta eskolaz kanpoko jarduerak sustatzeko. Abian jarri berri du Hezkuntza Arloak 2018-2019ko ikasturtean ikastetxeek burutu dituzten eskolaz kanpoko jarduerak ordaintzeko deialdi publikoa.

Urtero legez, ikasturte osoan ikasleen guraso elkarteen bidez garatu diren eskolaz kanpoko jardueretarako 100.000 euroak banatuko dituzte ikastetxeek.

Eskolaz kanpoko jarduerek eta jarduera osagarriek hainbat helburu bete behar dituzte, hala nola, ikasleak Barakaldoren parte sentitzea, haien inguruarekin batera modu errespetuzkoan bizitzen ikastea, haiengan elkartasunezko jarrerak sustatzea, bai eta hezkuntza erkidegoak berdintasunik ezaren ondoriozko egoerak deuseztatzen aktiboki parte hartzea ere.

BULEGO ELEKTRONIKOEN BITARTEZ ERREGISTRATZEA

Aurten, nobedade modura, bi bidetatik egin ahal izango dituzte eskerak ikastetxeek. Ohikoa, aurrez aurrekoa, alegia, dokumentazioa behar bezala betez. Berria, nobedadea ekarri duena, alegia, webeko eta azken lau urteotan auzoetan jarritako zazpi bulego elektronikoetako erregistro elektronikoaren bitartez. "Horretarako, eskaera erregistratu nahi dutenek bulego elektronikoetako eskanerrean digitalizatu behar dute dokumentazioa", adierazi du Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-menpekotasunen Prebentzio Arloko Nerea Cantero jarduneko zinegotziak.

"Horrela, IGEen lana erraztuko dugu, ikastetxeko auzo berean egin ahal izango baitituzte tramiteak, udaletxera etorri beharrik gabe", esanez amaitu du Canterok. Hilabeteko epea daukate ikastetxeek, eskaera egiteko.