Getxoko Udalak bere eskaintza turistikoa aurkeztuko du asteburu honetan, maiatzaren 6tik 8ra bitartean, Bilbao Exhibition Centerren egingo den Expovacaciones azokan. Bisitatzeko ordutegia 10:30etik 20:00etara izango da, eta igandean 10:30etik 19:00etara.

Getxo Turismok modu aktiboan hartuko du parte Bilbo-Bizkaia eta Euskadi-Eusko Jaurlaritzaren standetan; bertan, zerbitzuen eta jardueren eskaintza eguneratua erakutsiko du eta "Getxon egina-Made in Getxo" bideoklipa proiektatuko da.

Irantzu Uriarte Turismo zinegotziak esan duenez, “Udala eta bertako enpresak ahalegin handia egiten ari gara turistak eta bisitariak Getxora erakartzeko eta gure artean egiten duten egonaldia luzatzeko, horrek udalerriari itzulkin ekonomikoa ekarriz. Askotariko planak eskaintzen ditugu, adin guztietarako (kirola, kultura, ongizatea, gastronomia…) lehen aldiz bisitatzen gaituztenentzat, eta baita baliabide ezagunenen aukera alternatibo eta erakargarriak ere, Getxo ezagutzen duten bisitari eta txangozaleak egonaldia errepikatzera anima daitezen”.

Hiru egun horietan, udalerriko sektoreko enpresen ordezkaritza baten aurkezpenak eta jarduerak izango dira, esperientziak eta produktu turistikoak sustatzeko helburuaz, bereziki, bidaiariek ihesaldiak, zubiak edo oporrak antolatu ditzaten. Parte hartuko duten enpresetako batzuk honako hauek izango dira: Náutica Galea, Geotxiki eta Bizkaia Zubia.

Gaur egun, tokiko 262 enpresak 94 plan eskaintzen dituzte, Getxoz gozatzeko esperientzia turistikoak eta baliabide ezagunenen ordezko planak.