Ostegun honetan aurkeztu da Umore Azoka Leioa 2022ren XXII. edizioa Kultur Leioan, maiatzaren 19tik 22ra. Aurreratu dutenez, 40 konpainiaren 90 emanaldi eskainiko dituzte, auzoetan zehar banatutako 18 gunetan.

Leioako Udaleko Kultura Sailak antolatuta, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, lehiaketa, kaleko arte eszenikoei dagokienez estatuko erreferentzia dena, indartsu itzuli da diziplina guztiak hartzen dituen programa oparoari esker.

Gaurko aurkezpenean Iban Rodriguez alkateak, Joxean Muñozek Eusko Jaurlaritzaritzatik eta Mikel Etxebarriak Bizkaiko Foru Aldunditik hartu dute parte. Eva Guerrrero konpainiaren eta Trakamatraka musikariaren emanaldien pilulak izan ziren prentsaurrekoan.

Azokak bere xedeekin irmo jarraitzen du eta kaleko arteen garapen industriala sustatu nahi du; horretarako, Euskal Herriko konpainia nagusienek euren ikuskizunak aurkeztu ahal izateko gune bat eskaintzen du, eta arte eszenikoetako azken joeren erakusleiho bilakatzen da programatzaile, banatzaile, sektoreko profesional eta, oro har, publikoarentzat.

550 proposamenen artean hautaketa-lan handia egin ondoren, 40 konpainiaren -19 Euskal Herrikoak, 16 Estatukoak eta 5 nazioartekoak- 90 ikuskizun programatu dira azkenean, eta Leioako auzoetako 18 gunetan arituko dira.

Edizio honetan, dantzak zeresan handia izango du. Dantzaz konpainiak Leioako kale, plaza eta tabernetan 'Dantzapote' ikuskizuna eskainiko du, eta dantza garaikideko bost dantzari jende tartean ibiliko dira. Hika Teatroak 'Gazte' aurkeztuko du, gazteekin egindako ikuskizuna, eta ikuskizun honetan dantza tradizionaletik abiatu eta dantza garaikidera eta hip-hopera iritsiko dira.

Eva Guerrero ere gurean izango da eta 'LOF Ladies on Fight' ikuskizuna eskainiko digu, dantza tragikomikoa, emakumezkoen borroka librearen formatuan egina. Ertza konpainiak 'Otempodiz' aurkeztuko du; Maputoko bi dantzarik Asier Zabaletak zuzendutako pieza bat interpretatuko dute, denboraren kontzeptuari buruzkoa.

Maitane Sarralde ere izango dugu; 'Desªnuda' lana aurkeztuko digu, diziplina arteko pieza bat, grabitaterik gabeko gorputzari eta korporalitate anitzei buruzkoa.

Valentziako Maduixa konpainiak, bestalde, 'Migrare' eskainiko du, lau emakume migratzaileren errealitatea agertokira daraman dantza. Bestalde, Nova Galega de Danza taldeak 'Credo' aurkeztuko du; dantza ibiltari honetan, sei dantzarik intentsitate handiko lan fisikoa egiten dute. Galiziatik dator 'Vértigo' proposamena ere, Pistastro & Duelirium taldearena; dantza bertikala da eta izenburuak dena esaten du.

Dantza bertikala dugu 'Harria herria' ikuskizunean ere; Harrobi Dantza Bertikala-Dimegaz konpainiaren lan hau kaleko ikuskizunik onenaren Max sarirako izendatu zuten. Lau emakume dira protagonistak eta eskalatu eta dantzan egiten dute, Oreka Tx-en txalaparta lagun dutela.

Eta dantza, antzerkia eta akrobazia daude Kataluniako Elelei bikotearen 'A ciegas' ikuskizunean, oroitzapenen eta erabakiak hartzearen arteko istorio bat.

Zirkuaren atalean, Orain-Bi konpainiak 'Mute' aurkeztuko du, mutazioari buruzko zirku-antzerki ikuskizuna; Trapecionista Kia-k, bestalde, 'Artxipielago' aurkeztuko digu, bakarkako bidaia honetan, esekita egoteko uneak eta aireko dantza ikusiko ditugu. La Pez konpainiak 'Rotonda circus' ikuskizuna eskainiko du, eta oraingoan ere lengoaiak, publikoarekiko gertutasuna eta bat-batekotasuna fusionatuko ditu.

'La rueda' ikusteko aukera ere izango dugu, bai eta Kanbahiota-ren (Madril) zirkua eta Valentziatik datozen zenbait proposamen ere: 'Rec.On (strucción)'en akrobazia umoristikoak, Bootproject / Lucas Ruiz Producciónes-en eskutik; 'Todo el tiempo', Pla D'Annunzio-rena; 'Sabates al aire', maitasunari buruzko zirku-metafora, 2 Som 2 Coop. V.-rena, eta 'Confort', CircoG-rena, akrobaziak, umorea eta antzerki fisikoarekin.

Eta zirkuaren munduarekin jarraitzeko, Gaztela-Mantxako Círculum konpainiak 'Ni no, ni nana' ekarriko digu; hartan, dantzari batek eta musikari batek izar bihurtuko dituen ikuskizun batekin egiten dute amets. Bestalde, Truca Circus andaluziarrek '¡Sopla!' lanean diabolo dantzariak, soken baso bat, bizikleten duelu bat, oinak eta eskuak dituen helikoptero bat eta erritmo handiko pilotak ekarriko dizkigute, besteak beste. Bestalde, Kataluniako Les Spectacles del 23 konpainiak 'El hito' lanean magia, akrobazia, oreka, trapezio eta umore-arloko ikuskizunik onenetako batzuk eskainiko dizkigu.

Gaztela eta Leongo Irk About It zirkua ere egongo da, 'Loop' ikuskizunarekin; hartan, denboran harrapatuta geratzen zarenean nola aurrera egin hausnartzen da. Eta Italiako eta Txileko Michele & Francisca, 'Signos' ikuskizunarekin; Eskuz esku diziplinaren bidez garatzen da eta bi pertsona eta irin kopuru handia izango dira unibertso paregabearen eta poetikoaren jatorri. Italiatik dator, halaber, Ecentrici Dadaró eta 'Incomica' aurkeztuko du. Ikuskizun barregarriak eta trikimailu harrigarriak ekarriko dizkigu. Azkenik, Portugalgo Coração nas Mãosek 'Rizoma' emankizuna ekarriko digu; abentura surrealista bat, irudimenaren eta ikusizko poesiaren bidez.

Matraka konpainiaren 'Matraka culinary center' ere izango da, non, chef rockzale batek menu-kontzertu dibertigarri bat eskainiko digun. 'Demode Quartet sobre ruedas' ikuskizuna ere musikala da, a capella diharduen laukote animatu baten eskutik.

Bestalde, Rouge Eléak 'Hemen gaude dena ondo!' aurkeztuko du., Hartan, hiru nerabe imajinatzen ari dira noraezean dabilen izotz-banku batean dauden azken hartz zuriak direla. Eta zirkuaz, dantzaz eta txotxongiloez hornitzen da 'Murmullo' emankizuna, Andaluziako La Víspera konpainiarena; lan horretan, ikuslea antzezlanen, eszena eratzen duten elementuen eta publikoaren arteko arte-elkarrizketa batean murgiltzera gonbidatzen da. Gainera, Frantziako Das Arnak konpainiak 'Bakana' emankizunean masta baten goiko aldean burutik esekita dauden hiru emakume jarriko ditu.

Proposamen abangoardistak

Arabako Zanguango Teatro konpainia paregabea Leioara bertaratuko da, proposamen abangoardista batekin. Proposamena honetan datza: paseo bat, 50 laguneko talde batekin; pertsona horiek liluratuta geratuko dira ibilaldian ikusten duten guztiarekin. "Batera egingo dute abentura hori; haren bidez, begirada berriro kokatu eta egunerokoa berrasmatu eta errealitate berria eraiki nahi da".

Barsanti konpainia Pako Revueltas-ek zuzentzen du; 'akabo' emankizunean antzerki sozialaren eta kritikoaren alde egiten du, umorearen bidez. Komedia dardaratsua eta intentsoa da; bizitzari aurre egin ezin izanaren eta irtenbide drastikoa eta behin betikoa bilatzearen ideia dakarkigu.

Ildo sozial berean, Valentziako Visitants konpainiak 'Maletas de tierra' emankizunean II. Errepublikatik gerraostera arteko narrazio historikoa ekarriko digu; bost emakume izango dira protagonistak.

Eta Umoren, 'Dive/Journey' ikusi ahalko da, To R Mansion Japoniako talde berritzaileenetako baten komedia. Marx anaien antzera, baina manga-erritmoarekin, ikuskizunak pantomima, akrobaziak, antzerkia, dantza, magia, manipulazioa eta abar nahasten ditu.

Testurik gabeko antzerkiaz osatzen da Erre Produkzioen 'El parque de los hermanos Grimm'; parke bat garbitzen ari diren kale-garbitzaile bi dira protagonista, eta bertan daude Grimmen pertsonaiak. Halaber, Markeliñeren 'Psike' emankizunaren hasieran ere, eszenatokian buru handi bat ageri da; pertsonaia batek hartan sartzea erabakitzen du. Eta La Mecánicaren (Balearrak) 'Water Falls' ikuskizunean dozenaka kuboz inguratuta dagoen artista harro bat ageri da, grabitatearen aurka borrokan.

Deabru Beltzak konpainiaren antzerki piroteknikoa ere izango da. 'Symfeuny' aurkeztuko du, hiru ardatz bereizgarrietan oinarrituta: simetria, desplazamendua eta sua.

Azkenik, mentalismoarentzako lekua ere egongo da, Jon Zabalen eskutik, eta jolaserako lekua ere bai, Jokairen eskutik; azken hori Euskal Herriko mitologian oinarritzen diren zurezko jolasekin etorriko da.

Profesionalentzako jarduerak

2022ko Umore Azokak, jarduketez gainera, jarduera paraleloen multzo handi bat ekarriko du; jarduera horiek, nagusiki, profesionalei zuzenduko zaizkie.

'Plazaratu' saioan, kaleko arte-proiektuak erakutsiko zaizkie programatzaileei, eta 'Sorburu' jardueran, lau konpainiak haien sormenen hazia erakutsiko dute, hurrengo denboraldian ikusiko dugunaren aurrerapen bat.

Aurkezpenen artean, honako hauenak nabarmentzen dira: Karrikan plataforma, Euskal Herrian sortzen ari diren kaleko konpainien ikuskizunak sortzea eta zabaltzea sustatu nahi duena, eta Umore Azokan parte hartzen duten nazioarteko jaialdiak.

Gainera, Mendibile jauregian harrera ofiziala egingo da, eta 2019ko Umore Azokako sariak eta 2022ko Umore Azokako sari berezia banatuko dira.

Umoremeetingak eta Vermut Meetingak ere izango dira; haietan, programatzaileak, konpainiak eta gainerako akreditatuak harremanetan egongo dira.

Azkenik, Sarean eta EZE elkarteek Leioan egingo dituzte batzar orokorrak.