Getxoko Udalak ezagutzera eman ditu Areetako Geltokia plaza birmoldatzeko egin den bozkaketan garaile atera den proiektua. 'Geltokiko hiri-basoa' proiektuak irabazi egin du bozkaketa, 2.181 botorekin.

Bigarren proposamena, 418 botorekin, “Geltokiko Parkea” izan da, eta hirugarrena, “Geltokiko Plaza”, 196 botorekin. Bozketa urriaren 11tik 22ra bitartean egin da. Aurrez aurre, plazan bertan egon den postontziaren bidez eta Romoko Kultur Etxean eta Getxo Elkartegian jarritako hautestontzietan, 2.632 boto eman dira, eta gainerako 233ak, Udalaren online plataforma berriaren bidez, hau da, “Zeugaz”-en bidez. Guztira, 2.865 boto izan dira (horietatik 43 baliogabe eta 27 zuri).

Hiru proposamenak eta horien ezaugarri nagusiak hainbat euskarritan erakutsi dira, horien artean plazan bertan kokatua egon den 16 m2-ko azalera eta 3 m-ko altuera duen kubo handi batean.

PROPOSAMEN IRABAZLEA

“Geltokiko Hiri-basoa” proposamenak, plaza hiriaren erdigunean birika berde bihurtzea planteatzen du, %46,20ko lorategi- eta zuhaitz-eremuarekin. Bere ezaugarri nagusiak, honako hauek dira:

  • Azalera berdea handitzea, lorategi-eremuak jarriz; horien artean egongo dira ibilbideak eta egoteko guneak.
  • Lorategi-bolumen nagusia, anfiteatro natural gisakoa, eta topaleku modura edo bestelako jardueretarako erabiltzekoa.
  • Irisgarritasuna hobetzea, Santa Eugeniarekiko lotura egiten duteneskailerak kenduta.
  • Oraingo iturria eta pergola kentzea.
  • Egoteko gune estali berri bi.
  • Umeentzako jolas-eremuan estaldura-azalera handia ipintzea, eta ibilgailuen trafikotik babestea (horrek 25 aparkaleku kentzea eskatzen du).

Hilabete honetan aurkeztuko da proposamen irabazlea, Areetako Mayor kalea (Geltokia plazatik Santa Ana etorbideraino) erdi-oinezko bilakatzeko proiektuarekin batera.