Getxoko Udalak, Egizu Getxo Euskaldun elkartearekin eta Getxoko Etorkinak Plataforma Federazioarekin elkarlanean, ireki egin du dagoeneko 'Bizilagunak, aldameneko familia' izeneko ekimenean izena emateko epea.

Horregatik, pandemiaren aurreko urteotan etxeetan egindako bazkariak, datorren azaroaren 14an Romo eskolako frontoian izango dira. “Jardueran Getxon jaiotako eta beste toki batzuetan jaiotako familiak elkartzea eta elkarbizitza sustatu nahi dugu, hau da, udalerri berean bizi arren ezagutzen ez diren pertsonak batzea, bazkari bat partekatzeko, eta horrela aniztasuna eta kultur artekotasuna ospatzeko”, azaldu du Carmen Díaz, Gizarte Kohesioko zinegotziak.

Bazkariak toki irekian egingo dira, Romo eskolako frontoian, gehienez hamar parte-hartzailerekin mahai bakoitzean, segurtasun tartearekin eta maskara uneoro erabiltzen, elikagaiak edo edariak hartzean izan ezik. Parte hartuko duten familiek (zentzu zabalean ulertuta, bikotea, lagunak, senideak, kuadrilla…) janaria eraman beharko dute partekatzeko. Gainera, mahaiak muntatzeko eta kentzeko laguntza eskatuko zaie.

Egunean zehar hainbat sorpresa izango dira, eguna alaitzeko.

Parte hartu nahi duten pertsonek, jarduera dinamizatu nahi duten boluntariorekin batera, izena eman beharko dute azaroaren 4rako.

JAIOTZA INGURUKO DOLUARI BURUZKO MAHAI-INGURUA

Bestalde, datorren urriaren 23an, larunbatean, 10:30ean, Jaiotza inguruko dolua ikusaraziz izenburuko mahai-ingurua izango da Villamonteko Kultur Aretoan. Saio horretan, Getxon egoitza duen Esku Hutsik, jaiotza, haurdunaldi eta jaioberrien inguruko Euskadiko dolu-elkartea aurkeztuko da. Bertan, Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziaren ongietorriaren ondoren, Maria González, Eider Otxoa, Sonia Montero eta Nerea Garaizar izango dira hizlari, hainbat gairi buruz hitz egiteko, besteak beste, haurdunaldian, erditzean edo jaio eta hilabete batzuetara izandako heriotzaz, ikusarazteko beharraz, eta familien esperientziez eta osasun-esperientziaz.

Gainera, urriaren 18tik 25era, argazki erakusketa bat egongo da Villamonteko Kultur Gelako sarreran, Nerea Garaizar argazkilariak familia eta dolu perinatalari buruz egindako 12 irudiz osatua.