Umore Azoka Leioa, Leioako Udalak antolatutako Kale Artisten Azoka, irailaren 16tik 19ra itzuliko da "ilusioz betetako" programarekin. Udalak jakinarazi duenez, jarduera guztiak egungo egoera pandemikoari egokituta egongo dira. Guztira, Euskal Herriko, Estatuko eta Europako 39 konpainia izango dira Leioa eszenatoki erraldoi bihurtuko dutenak.

XXI. Umore Azoka Leioako programazioaren aurkezpena gaur goizean egin da Kultur Leioan, eta bertan izan dira Iban Rodriguez Etxeberria Leioako alkatea, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria eta Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia. Kultura eta Kirol Ministerioaren esku dagoen INAEMekin batera, ekitaldi honen laguntzaile nagusien taldea osatzen duten erakundeak dira.

“Gogoa, ilusioa, poza, kitzikapena... berba horietako edozeinek balio du Leioako Umore Azokaren edizio honen aurrean bizi dugun egoera definitzeko. Agian ez da konpainia gehien ekarriko dituena edo nazioartekoena, baina, zalantza barik, bereziena da, pasatu behar izan ditugun inguruabar guztiengatik”, ziurtatu du Iban Rodriguez Etxeberria Leioako alkateak. “Umore Azoka Leioa hemen dago eta berme guztiekin ospatuko dela ziurtatu dezakegu”.

Horrela, alkateak gogorarazi du Umore Azoka erronka eta ahalegin ekonomikoa dela urtero hiriarentzat, baina inoiz ez dela zalantzan jarri alderdi askotan errentagarria dela erakutsi duen ereduaren jarraipena. “Umore Azoka tokiko ekonomia dinamizatzen duen hiriko ekitaldia baino askoz gehiago da; erreferentzia da, halaber, gure herrialdeko kultur sektorearentzat, eta, gaur inoiz baino gehiago, gizartearen gogoa berreskuratzeko modu bikaina ere bada. Ilusioak gorantz kotizatzea gura dugu”, adierazi du.

Ikuspuntu profesionaletik, Rodriguez Etxeberriak gogorarazi du ekitaldi honetan biltzen dela EAE osoko euskal konpainia gehien -aurten, programazioa osatzen duten 39etatik 22 EAEkoak dira-, eta jaialdi eta azoka profesionala uztartzen dituen bakanetako bat dela. “Lau egun hauetako jarduera ez da kaleetara mugatuko; aldi berean, konpainiek eta profesionalek lan egiteko eta esperientziak partekatzeko gune aproposa izango dute Kultur Leioan”.

Azkenik, alkateak beren beregi aipatu gura izan du Kultura Arloak eta Leioako Umore Azoka antolatzen parte hartzen duten profesionalek ziurgabetasun handiko egoeretan egindako lana. “Oso zaila da beti horrelako azoka bat antolatzea, baina aurten are zailagoa. Hemendik, eskerrik beroenak ahalegin honetan parte hartzen duten guztiei, Kultura arloari, udal talde teknikoei eta mantentze-lanetako langileei”.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak, Begoña de Ibarrak, honako hau ziurtatu du: “Leioako Umore Azoka dudarik gabe kultur egitasmo garrantzitsua da, programazio zabal, askotariko eta kalitatezko baten erakusleiho interesgarri eta bikaina baino gehiago, kaleko arteen motorra da. Eta aurten ere, zailtasunak zailtasun, horrela izango da. Leioako Umore Azokak Euskadi eta Euskadi kanpoko kaleko artisten emaitzik interesgarrienak eskeintzen deuskuz”. Ildo beretik jo du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak, Aitziber Atorrasagastik, eta agerian utzi nahi izan du "erakundeek konfiantza dutela gure artisten kalitatean, eta horrek ekarri gaitu Leioara beste merkatu batzuetako programatzaileak eta ekoizleak ekartzera, portugaldarra kasu, kanpoan susta daitezen errazteko".