GETXO. Getxoko Udalak 59.800 euroko aurrekontua bideratuko du euskara ikastea eta erabiltza sustatzeko, dirulaguntzen bitarteaz. Bihartik aurrera, laguntza horiek eskatu ahal izango dira. Udalak sei ildotan banatu ditu laguntza horiek.

Partidarik handienak bi dira: euskara ikasteko herritarrei eskaintzen zaizkienak baliabide ekonomikoen arabera, eta 6 eta 15 urte bitarteko adingabeei euskara ikasteko eskaintzen zaizkienak, hauek ere baliabide ekonomikoen arabera.

“Haur eta gazteei eskaintzen zaizkien diru laguntza hauekin haien hizkuntza gaitasuna sustatu nahi dugu, euskara belaunaldiz belaunaldi eta etenik gabe geroratzera lagundu nahi dugu eta, aldi berean, belaunaldi berrietako euskaldunentzat euskara erabilera-eremu berezi eta garrantzizkoetarako atsegin izatea ere. Hori dela eta, garrantzi berezia ematen diogu gazteenek ikasteari eta erabiltzeari, eta horregatik ildo berezi bat dedikatzen diegu”, azaldu du Irantzu Uriarte, Euskara zinegotziak. Aurten, eskaera guztiak egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira.

LAGUNTZEN ILDOAK

Horrela, lehenengo ildoan, baliabide ekonomikoen arabera, 30.0000 euro aurreikusi ditu Udalak, eta bigarrenean, euskalduntze ikastaroetan diharduten gazteen eta umeen (6tik 15 urtera bitartean jaiotakoak, biak barne) matrikula ordaintzera laguntzeko 15.800€ bideratu dira. Bi kasu hauetarako eskaerak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Egun horretan ere amaituko da Udaleko eta erakunde autonomoetako langileek eta zinegotziek euskara ikasteko laguntza eskatzeko epea. Horientzat 1.000 euro onartu ditu Udalak.

Era berean, 4.000 euro izango dira gidabaimena ateratzeko azterketa euskaraz egiten duten 17 eta 23 urte bitarteko gazteentzat, eta beste 1.000 euro elkarteetako aisialdiko begirale eta zuzendari agiria lortzeko euskaraz. Bi ildo hauetarako eskaerak aurkezteko epea abenduaren 31an amaituko da.

Azkenik, urtero bezala, 7.000 euro bideratuko dira, errotuluak, olanak, pertsianak, biniloak eta ibilgailu komertzialak euskaraz ipintzeko. Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 31an amaituko da enpresentzat. Diru-laguntza horiekin batera, Udalak beste zerbitzu batzuk mantenduko ditu euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, tartean, itzulpen zerbitzua, aholkularitza, ekitaldietarako aurkezle euskaldunen zerbitzua, eta merkatariei nahiz ostalariei doan eskaintzen dizkien itzulpen eta maketazio zerbitzuak.

2020KO DIRULAGUNTZAK

2020ean 198 eskaera izan ziren baliabide ekonomikoen araberako ildoan, 17 gida-baimena ateratzeko azterketa euskaraz egiteko, eta bi aurkeztu zituzten udaleko langile eta zinegotzik.

Bestalde, covid-19aren aurrean erabili beharreko neurriekin egin ziren kartelak izan ziren ugarienak, 1.500dik gora kartel banatu baitziren eta alergenoei eta plastikozko poltsei buruzkoak ere ugariak izan ziren.