GETXO. Getxoko Udalak 376.534 euroko aurrekontua bideratuko du Miramar eta Andrés Isasi kaleetan gauzatuko diren lanak egiteko. Miramar kalean oinezkoentzako lehentasuna duen plataforma bakarra eraikiko da, eta Andrés Isasi kalean, aldiz, oineskoentzako ibilbidea berrurbanizatu eta egokituko da. Aurreikusita dago lan horiek lau hilabetetan amaituta egotea.

Gaur egun, Miramar kaleak, Mendigane kalearen eta Algorta etorbidearen arteko tartean, noranzko bakarreko galtzada bat du, lineako aparkalekuak eta espaloiak, eta azken horien zabalerak ez du betetzen irisgarritasunari buruz indarrean dagoen araudia. Proiektu horretan aurreikusten da kalea plataforma bakar bihurtzea, eta, beraz, beharrezkoa izango da espaloien nahiz galtzadaren egungo zabalera eta sestrak aldatzea. Espaloiak handitu eta lineako aparkalekuak jarriko dira kalearen alde batean bakarrik, betiere lehendik dauden pasabideak errespetatuta, espaloian zabalguneak eginez. Kale horretako zuhaitzak errespetatuko dira.

Gogorarazi behar da, aurreko fase batean, Udalak kale horretako irisgarritasuna hobetu zuela San Ignazio parkearen aurrealde osoan, Basagoiti etorbidetik Bilbo kaleraino, eta tarte horretan plataforma bakarra jarri zela. Gainera, oinezkoentzako eta ibilgailuentzako ibilbideak egokitu ziren, galtzadako zorua saneatu zen eta sareen zerbitzuak eta kale ikuspena hobetu ziren argi puntu berriak jarrita.

Andres Isasiri dagokionez, Miramar eta Tomás Urquijo kaleen arteko tartean, berriz urbanizatu eta egokituko da, egungo ibilbideak narriadura handia baitu. Arboladiaren inguruan parterre berriak sortuko dira eta eskailera-maila berriak jarriko dira tarte horretan dauden eraikinetarako oinezkoen sarbidea hobetzeko.

Bi kaleetan euri uren, telekomunikazioen eta argien sareetan jardungo da eta bertan beste hogei argi puntu jarriko dira. Miramarren edateko uraren sarean ere jardungo da.

Hiri altzariei dagokienez, eserlekuak, paperontziak eta lorontziak jarriko dira, ibilgailuen okerreko aparkatzeak saihesteko. Eta, azkenik, seinale horizontal eta bertikalak jarriko dira.