GETXO. Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko ezarritako araudia betearaztea ez da lan erreza izaten ari Getxoko Udaltzaingoarentzat. Asteburu honetan, ostiraletik igandera, tokiko poliziak beste 262 zigor proposamen bideratu behar izan ditu covid araudia ez betetzeagatik.

Arau-hausterik ohikoenak izan dira kalean edari alkoholdunak kontsumitzea, eta gehienezko lau pertsonako taldeak, 22:00etatik aurrerako zirkulazioa eta udalerri konfinatura sartzeko murrizketa ez errespetatzea. Udaltzaingoak udalerriko sarbideak ikuskatu eta zaindu ditu, baita gazteak biltzeko balizko gune urrunak, eta ostalaritza establezimenduak ere, batez ere "inauteri ez" egunetan.

Asteburuan burututako jarduketen artean, Galea aldean 37 zigor proposamen jarri dira, eta beste 22 pertsona identifikatu dira, lau pertsona baino gehiagoko taldeetan kalean edaten egoteagatik, baten bat ez zelako Getxokoa edo ez zuelako maskararik. Bestalde, Azkorri hondartzatik gertu, 13 pertsona salatu dituzte lau laguneko taldeen muga ez errespetatzeagatik.

Era berean, bost establezimendu salatu dituzte ezarritako osasun-neurriak ez betetzeagatik, baina nabarmendu behar da, oro har, ostalaritza ireki ondoren osasun-gomendioak errespetatu direla.

Udalak berriro eskatu du erantzukizun indibidualeko eta kolektiboko jarrerak izatea eta gogorarazi du, beste behin ere, ezarritako oinarrizko babes-neurri sanitarioak bete behar direla: maskara nahitaez erabiltzea, eskuak maiz garbitzea, pertsonen arteko segurtasun-tartea mantentzea, gaueko ordutegian pertsonen zirkulazio-askatasunaren muga errespetatzea (22:00etatik 06:00etara) eta burbuila soziala babestea (4 pertsona gehienez), besteak beste.