GETXO. Koronabirusaren pandemiaren krisialdiak kulturaren sektorean eragindako kalteak gutxitzeko asmoz, Getxoko Kultur Etxeak sektoreari laguntzeko hirugarren deialdia irekiko du. Oraingo honetan sektorearen formakuntza sustatuko da, kultura eta sormena bultzatuz eta udaleko eraikinetan kultur sektoreak proposatutako ekimanak programatuz.

Deialdi berriaren helburua Getxoko kultur sektoreko kideen kultur formazioa hobetzea da. Horretarako, sektoreko enpresa eta profesionalen kultur ezagutzak eta gaitasunak sakontzen lagundu eta udaleko elkarteen erregistroan izena eman duten kultur elkarteetako kideen kultur formazioa areagotu nahi da.

Ekimen honen bitartez diru-laguntzak emango dira honako arlo hauetako ikastaroak egiteko: literatura, musika, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, arte bisualak, ondarea, arte-bide berriak eta kultura arloko ikasketa espezifikoak. Pasa den urteko 13tik aurrera eginiko ikastaroetarako laguntzak eskatu ahal izango dira eta deialdiaren epea 2021eko urtarrilaren 5etik azaroaren 15era zabalik egongo da. Guztira, 30.000 €ko esleitu zaizkio ekimen honi.

Laguntza hauek eska ditzakete 18 urtetik gorako pertsona fisikoek, Getxon jarduera profesional edo kultural asoziatiboa garatzen dutenak. Bi laguntza-ildo ezartzen dira eta bakoitzean, aipatutakoaz gain, bete beharreko baldintzak hurrengoak dira: 1. ildoko laguntzak eskatzeko, Getxon egoitza fiskala duten kultur sektoreko enpresetako kide edo autonomoa izatea. 2. Ildokoak eskatzeko, berriz, Getxoko udal erregistroan inskribatutako elkarte bateko kide izatea.

Deialdiaren inguruko informazio osoa esteka honetan egongo da eskura asteartean, urtarrilak 5, hasita.