GETXO. Behin koronabirusaren pandemiaren unerik latzenak pasata, pixkanaka-pixkanaka normaltasuna berreskuratzen doa gizarteak. Besteak beste, zuzeneko emanaldiak itzuli egin dira, hori bai, segurtasun-neurri guztiak betetzen. Hala, gaur, urriak 10, larunbata, arratsaldeko 19:00etan, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolak Trizak hirukotearen kontzertua jasoko du.

Emanaldirako sarreraren prezioa 5 eurokoa izango da, eta Rubén Salvador tronpeta-jotzailea izango da artista gonbidatua.

TRIZAK

“Trizak” ez ohiko hirukotea da eta musika inprobisatua du oinarri. Jazz musikan nahiz bestelako alorretako hainbat proiektutan ibilitako hiru musikari elkartu dira bertan: Jon Piris (kontrabaxua), Hasier Oleaga (bateria) eta Julen Izarra (saxoa).

“Trizak” itsasontzietan belak igo eta jaisteko sokak dira, bidaietako hasieren irudi. Taldeak 2017an argitaratu zuen bere lehenengo diskoa izen horrekin eta “bertako musika-notek jazzaren ezaugarri den abenturarako gogoa daramate, baita hainbat estilotatik datozen aireak ere”.

Proiektuak taldekideek idatzitako musika jotzeko topagunea izan nahi du, hasiera batean hitzik gabeko esparru instrumentalean, gerorago akaso beste diziplina batzuekin uztartuta ere. Konposizioak abiapuntua baino ez dira, behin taldera ekarrita, lanak inprobisazioaren bide ezezagunetatik abiatzen direlako. Badira tartean iraganean modu batera edo bestera oihartzuna izan duten konposizioen bertsio batzuk, “Here´s to you” ala “Birjiña maite” esate baterako, soinuen ikuspuntu berriak eskaintzeko asmoaz.

Aurtengo udatik, Ruben Salvador RS Faktor taldeko buru eta hamaika grabaziotan parte hartu duen tronpeta jotzailea batu zaie kolaboratzaile gisa.