GETXO. Koronabirusak eragindako egoera inoiz egin den Getxoko Zirkuituaren ediziorik bereziena ospatzera behartuko du. Aurtengoa 75. edizioa izango da, Otxoa anaiei egindako memoriala, eta abuztuaren 2an ospatuko da.

19 talde izango dira bertan eta tartean World Tour mailako 5 talde: Movistar Team, NTT, Trek Segafredo, UAE Emirates eta Bahrain McLaren. Izenen artean Getxon izango dira munduko egungo txapelduna, Mads Pedersen, Mikel Landa, Pello Bilbao, Fernando Gaviria eta Mark Cavendish, beste txirrindulari ospetsuen artean.

Getxoko Zirkuitua Punta Galea Txirrindularitza Elkarteak antolatzen du Getxoko Udalaren lankidetzarekin eta beste instituzio eta babesle batzuekin batera. Lasterketa 11:30ean irteera neutralizatu batekin hasiko da Bizkaia Zubian eta pasatuko da Getxoko epaitegien aurretik, bertan egongo baitira irteera nahiz helmuga. Udalerriaren erdiko kaleetan barrena igaroko da eta baita Leioa, Loiu, Erandio eta Sondika herrietan ere Getxora iritsi eta 177 kilometroko ibilbidea osatzeko. Berrikuntza moduan, Artxandatik hurbil dagoen Pika Bidearako igoera gehituko zaio ibilbideari, 2 kilometrokoa, batez besteko %14ko maldarekin eta %20ra bitarteko arrapalekin.

World Tour kategoriako taldeez gain, edizio honetan ondorengoek hartuko dute parte: Caja Rural Seguros RGA, Euskadi, Massi Vivo Conecta, Novo Nordisk, Kometa Xstra, Burgos BH, Bingoal Wallonie Bruxelles, Nippo Delko One Provence, Dinatek Vega Workservice Prefabricati, Gios Kiwi Atlántico, Kern Pharma, Efapel, Feirence eta Androni Giocattoli Sidermec.

Aurten, lasterketaren ohorezko zuzendaria Roberto Laiseka izango da. Getxo Zirkuituak saritan 14.500 euro inguru banatuko ditu.

Getxoko Udaltzaingoak trafikoan neurri bereziak hartuko ditu bai bezperan, bai lasterketa-eguneko goizean zehar, segurtasuna izate aldera. Era berean, COVID-19ak eragindako salbuespen-egoera dela-eta, lasterketa in situ ikusi nahi duten zaleei gogorarazi nahi zaie prebentziorako neurri pertsonal guztiak hartzea beharrezkoa izango dela, kutsatze-arriskua gutxitze aldera.