GETXO. Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko hartu beharreko segurtasun neurrien artean funtsezkoa da urruntze soziala. Hori dela eta, Getxoko Udalak bidegorri berri bat ireki egin du Zugatzarte etorbidean. Proba moduan jarri da martxan, eta nola funtzionatzen duen ikusiko da mantentzen duten ala ez erabakitzeko.

Bidegorriak kaiko pasealekutik hurbilen dagoen erreia hartzen du Triangelutik José Luis de Ugarte kaleko bidegurutzeraino (joan-etorrikoa izango da), eta ondoko erreia utzi da gainerako ibilgailuak erabiltzeko (Areetako noranzkoan, gaur egun bezala). Beraz, bidegorriak La Avanzadatik Neguri-Romorekin eta Zugazartetik Areetako etorbidearekin lotzeko aukera ematen du (Areetako etorbidea 30 km/h-ko gunea da duela egun batzuetatik). Gainera, kaiko pasealekuan dagoenarekin lotzen da. Bidegorri berria eguneroko mugikortasunerako errei bat da, eta kaitik doana, berriz, aisiarekin identifikatzen da.

ETORKIZUNEKO ORDENANTZA

Getxoko Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren (2017-2030) helburuak lortzeko, beharrezkoa izango da, gainera, arrazoizko epe batean, bidegorrien erabilera arautuko duen ordenantza bat izatea, behar den mugikortasun berriaren barruan. Horrek eguneroko bizimoduan funtsezkoak diren leku eta zerbitzuetarako mugikortasun/ irisgarritasun handiagoa erraztu beharko du, ahalik eta segurtasun handienarekin, ingurumenari (tokikoa eta globala) ahalik eta gutxien eraginda eta gizartean ahalik eta gehien integratuta.

Etorkizuneko araudi horren helburuak hauek izango dira: ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea, oinezkoen mugikortasuna gehiago erraztea, garraio publikoaren ahalmenak aprobetxatzea, bizikletaren eta NMI (Norberaren Mugikortasunerako Ibilgailuak) sustatzea, eremu publikoan ibilgailuen presentzia murriztea, banaketa-lanak erraztea, ingurumen-inpaktuak murriztea eta segurtasuna areagotzea.