GETXO. Hilabete bat eta erdi pasa da koronabirusa dela eta konfinamendua ezarri zenetik. Orduz geroztik, adineko pertsonak ezinbestekoak ziren erosketak egitera baino ezin izan dira kalera irten orain arte. Horregatik, Getxo Lagunkoia proiektuaren barruan dagoen eta pertsona nagusiei bideratutako 'Getxon oinez, 1000 pausu baietz!' ekimena abiarazi du Getxoko Udalak.

Horretarako, RKE-Romo Kultur Etxean 60 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoaz arduratzen den zerbitzuak, oinez egiteko 11 ibilbide prestatu ditu udalerriko hainbat tokitatik, ohiko ibilbideetatik zertxobait aldenduta, jende kopurua saihesteko eta bakoitzak nahi duena egin ahal izateko. Ibilbide horiek 1,5 eta 3 km-koak dira, pertsona bakoitzak horietara iristeko behar duenari gehituta, ordu bateko iraupena ez gainditzeko. Ibilbide atseginak eta irisgarriak dira, kilometro bateko erradioko zirkunferentzia baten barruan kokatuta, eta WhatsAppen bidez bidaliko dizkiete RKEko kirol-zerbitzuaren erabiltzaileei.

"Ekimen honen bidez, adinekoen artean, zabaldu nahi dugu konfidantza etxetik segurtasun-bermeekin paseatzera irtetearen inguruan. Auzokoen elkartasuna sustatu nahi dugu arauak betetzearekin batera, eta, era berean, osasuna eta dibertsioa hobetzea bultzatu nahi dugu, jarduera fisikoa eginez", azaldu du Arantza Rica Zahartzeko zinegotziak.

PODOMETROA DESKARGATZEA

Gainera, maiatzean, parte-hartzaileak podometro bateko aplikazio bat jaitsi eta erabiltzera animatu dituzte (mugimendua hautematean urrats bakoitza kontatzen duen gailua, hainbat datu ematen dituena eta oso baliagarria dena jarduera fisikoarekiko atxikimendua sortzeko), egindako ariketa ezagutzeko. Jarduera fisikoaz arduratzen den zerbitzuak tresna hori gailu mugikorretan instalatzeko laguntza eskainiko du.