Helduentzako eta umeentzako zinema zikloak izango dira Muxikebarrin

23.02.2020 | 18:21

Martxoaren 5ean eta 8an, hurrenez hurren, helduentzako eta umeentzako zinema zikloak jarriko dira martxan Muxikebarrin.

Zinemabarri Zine-kluba izena izango du helduen zikloak, film luzeak nahiz laburrak eskainiko ditu, ostegunetan, Areeta aretoan, 20:00etan. Bestalde, Zinematxiki Ume-zikloa izenekoak haurrei zuzendutako filmak emango ditu, igandeetan, 12:00etan.

Zinemabarri zinekluba Kultur Etxeak Areetako Musika Eskolan antolatzen duen zineklubaren antzeko filosofia eta asmoekin sortu da. Bada, Areetako zikloak kokaleku horretan izaten jarraituko du, eta ekimen hori eta Muxikebarrikoa elkarren osagarri izango dira. Hala, Algortako zikloak ere maila altuko zinema egitaraua eskaintzeko apustua egin du. Hainbat herrialdetako ekoizpenak emango dira, eta arreta berezia emango zaie europarrei eta estatukoei. Genero askotakoak izango dira, eta guztiak ere nazioarteko lehiaketa eta jaialdietan sarituak edo izendatuak.

Bertsio originalean, azpitituluekin edo bikoiztuta, zikloan film berriak eskainiko dira. Dena den, hiru urte baino gehiago dituztenak ere eman ahal izango dira noiz edo noiz, horien kalitatea edo gaia direla eta. Gainera, film laburren formatuaren aldeko apustua ere egingo da. Hala, bana emango da saio bakoitzeko film luzearen aurretik, eta arreta berezia jarriko zaie euskal ekoizpenei. Azkenik, jarduera aberasteko asmoz, saio bakoitzeko emanaldiaren amaieran zineforuma egongo da zinema munduko gonbidatuekin, eta ikusleek parte hartu ahal izango dute. Emanaldietarako sarreren prezioa 3,50 euro izango da.

Programazioa

Zikloa hilaren 5ean hasiko da El hoyo filmarekin. Ander Gaztelu-Urrutiaren lana da, eta etorkizun distopiko batean kokatuta dago. Haritz Zubillaga zuzendari euskaldunaren Las horas muertas film laburra ere emango da. Lehenengo eguneko eztabaida foroan Aranzazu Callejak parte hartuko du, film bien soinu bandaren konpositoreak. Hilaren 12an David Pérez Sañudoren Un coche cualquiera film laburrak irekiko du saioa, eta horren ostean El traidor emango da, bertsio originalean eta azpitituluekin. Marco Bellocchio zuzendari italiar beteranoaren film honek Siziliako mafiako buruzagien artean 80ko hamarkadan izandako gerra irekia jorratzen du. Amaitzean eztabaida hasiko da, ZINEBIko zuzendari ohi Ernesto del Ríorekin.

Gizarte gaien inguruko zinema izango da nagusi hilaren 26ko emanaldietan. Sonia K. Hadad ekoizle iraniarraren Exam film laburra eta El joven Ahmed luzea, biak ere azpitituludun bertsio originalean. Azken hori Dardenne anaiek zuzendu dute, Canneseko azken jaialdiko zuzendaririk onenaren sariaren irabazleek. Saio horretako zineforumean Santos Zunzuneguik parte hartuko du. Idazlea, kritikaria eta EHUko katedratikoa da.

Umeen zinema

Bestalde, umeentzako Zinematxiki zikloak ere film laburrak eta luzeak konbinatuko ditu, eta hainbat genero eta herrialdetako lanak emango ditu. Hautaketa irizpideak zineklubekoen antzekoak izango dira. Hilean behin, gutxienez, euskarazko emanaldi bat egongo da. Martxoan animazioko film hauek emango dira: Zog, dragones y heroínas (hilak 8), Turuleka oiloa (hilak 15, euskaraz), Manou (hilak 22) eta Solan & Eri: Misión a la luna. Ikusle guztientzako modukoak dira guztiak. Ziklorako sarreraren prezioa 2,50 euro izango da.