BILBO. Mugikortasuna kudeatzeko Barne Ministerioaren Instrukzioaren arabera, Udalak proiektu esperimentalari baimena eman dio baldintza zehatz batzurekin. Horrela, enpresari gune publikoa erabiltzeko baimena eman dio, aldi baterako, eta zerbitzua emateko aldea mugatu du, eta horren barruan aparkatzeko guneak eta baita patineteren kopurua (90) ere. Hiriaren barruko alde mugatuan dago martxan ekimena, bi metro geltoki (Areeta eta Gobela) alde turistiko eta astialdirakoa (Bizkaia Zubia, Areetako eta Ereagako hondartzak, Portu Zaharra eta Kirol Portua) lotzen dituena. Zehaztutako aldetik patineteak ateratzen direnean, deskonektatu egiten dira. Gainera, patineteek nabigazio sistema bat dute, erabiltzaileei aditzera emateko nondik ibil daitezkeen, turismo-gida txiki batekin eta aparkatzeko guneekin. Era berean, SOS botoia ere dute, istripu edo matxura bat gertatzen denerako. Patineteak kudeatzen dituen enpresak ibilgailua eta proiektua garatu ditu, eta mugikortasuneko beste zerbitzu batzuekin gertatzen den bezala, pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatzeko eskatzen diren segurtasun neurri guztiak enpresaren ardura dira.

Baldintzak eta filosofia

Mota honetako patinete elektrikoak aspalditik ari dira ibiltzen Getxotik, salgai dauden homologatutako ibilgailuak direlako. Izan ere, hirietako ingurunea hobetzea ahalbideratzen duten sistema berriak abian jartzeko eta garatzeko fenomenoa errealitatea da Europako hiri askotan. Alemania, Belgika, Holanda, Portugal, Frantzia, Finlandia eta abar luze batek ibilgailu mota honetarako arautegi zehatza dute jadanik. “Egokitzen joan behar da eta beren hedapena hiri bakoitzaren baldintzen arabera izan behar da. Sistema hau oso erabilia da Europako hiri askotan, ezartze maila altuarekin, oinezkoekiko bizikidetza beste ibilgailurena baino hobeagoa delako”, adierazi du Joseba Arregik, Ingurumeneko Hiri Zerbitzu eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak.

Esperientzia hori Getxo 2030eko HMIP, Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren helburuekin bat dator, horretan agertzen denez, “horiek herritarrek mugitzeko eta tokietara heltzeko beharren arteko oreka bermatu nahi dute, orokorrean, jasangarritasuna kontuan hartzen dutena, ingurugiroko, ekonomia eta gizarteen ikuspegietatik, eta Europar Batasunaren eta garraioaren sisteman eragina duten hainbat erakunderen aginteen barruan”.

Barne Ministerioak Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuak arautzeko Lege-Dekretu bat du eginda. Bitartean, proba honetan, patinete elektrikoak bidegorrietatik eta 30 kilometro orduko gehienezko abiadurako aldeetatik ibili ahal izango dira, inoiz ez espaloietatik. “Gure hirietako mugikortasuna behar berrietara (pertsonalak eta ingurugirokoak) eta baliabideetara egokitzen joan beharko da. Edozein aldaketak desorekak eragiten ditu eta horiek konpontzen joan behar da. Horregatik, oso komenigarria izaten da horrelako proba pilotuak egitea, gure mugikortasun sistema orekatzen duten erabakiak hartzen joan ahal izateko. Egiaztatuta dirudienez, Europako hiri batzuetan izandako esperientzia batzuetan aditu batzuen arabera, mugikortasun indibidualaren etorkizuna mota honetako mugikortasun pertsonaleko ibilgailu hauetatik pasatzen da. Horrek espazio publikoaren birbanaketa ekarriko du. Beharrezkoa da mugikortasun sistema aldatzen joatea, oinezkoentzat espazioa berreskuratzen duen sistema jasangarrirantz abiatuz. Horretan sinisten badugu, gure hirietako mugikortasun jasangarrian eta ingurugiroaren hobekuntzan, hasi baino ez da egin, eta aurrean edo atzean jar gaitezke“, azaldu du Arregik.