BILBO. Egitasmo horren bidez, irabazi asmorik gabeko erakunde horrek funtsak bideratuko dizkie hitzarmenari atxikitako administrazio publikoei, beirazko hondakinak jatorrian bereiztearen prozesua hobetzeko eta beira errefusaren ontzira botatzea ekiditeko. Getxoren kasuan, kanpaina honekin gaur egungoak baino 400 beira tona gehiago berreskuratu nahi dituzte (gaur egun errefusan amaitzen dutenak). Hala, jatorrian guztira % 6,3 bereiztetik % 7,6 bereiztera pasatu nahi dute beirari dagokionez; hau da, 2018an jasotako 1.845 tonatik 2020ko, udan 2.245 tona jasotzera pasatu nahi dute.

Udalak bisitak egingo dizkie ostalariei (kanpainaren berri emateko gutun bat ere bidaliko zaie), informazioa emateko eta beharrizanak antzemateko, eta askotariko edukierak dituzten kuboak emango dira lokal bakoitzak sortzen duen kopuruaren arabera beira birziklatzea errazteko. Gainera, auditoriak egingo dira jatorrian behar bezala bereizten dela egiaztatzeko. Araudia betetzen ez bada, bigarren bisitan gutun izendun bat emango da, eta araudia ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak jakinaraziko dira.

Ostalaritzako sektoreak estatuan saltzen diren erabilera bakarreko beirazko ontzien hondakinen ia % 52 sortzen du; beraz, sektore gakoa da birziklapenari lotutako helburuak lortu ahal izateko. Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako jarduneko zinegotziak, Joseba Arregik, honako hau adierazi du: “Udalaren eta ostalaritzaren arteko elkarlana ezinbestekoa da gaikako bilketaren tasa handitzen jarraitzeko.

2018an, tasa hori % 31,34koa izan zen Getxon”. Ildo horretatik, Ekonomia Sustapeneko arloko jarduneko zinegotziak, Ignacio Uriartek, “beiraren bilketan aktiboki inplikatuta dauden establezimenduen laguntza” eskertu du; halaber, eskatu du “udalerriko gainontzeko ostalari eta langile guztiak inplika daitezela kanpaina honetan proposatutako jardunbide egokiak garatzeko eta gaikako bilketaren zifra horiek handitzen jarraitzeko”. 2018an, Ecovidriok emandako datuen arabera, beirazko ontzien hondakinen 23,95 kilo birziklatu zituen getxotar bakoitzak. Udalerrian zehar banatutako 290 edukiontzietan 1.845 tona biltzera iritsi zen hiria. Kanpainaren xedea da beirazko ontzien gaikako bilketa handitzea jatorrian; zehazki, 400 tona gehiago lortu nahi dira.

Kanpaina hori aurrera eramateko, landa-lana egingo da beirazko ontzien birziklapenari buruzko udal ordenantzen ezagutza indartzeko. Konponbideak eskainiko dira eta jardunbide desegokiek hirian nahiz hondakinak sortzen dituen establezimenduan bertan duten eraginaren berri emango da.