BILBO. Getxoko hondartzak eta inguruak garbitzeko zerbitzua esleitu dute 2021eko amaierara arte, 500.000€gatik urte bakoitzeko. Lantaldea 7 langilek osatzen dute urte osoan eta udan beste 3 lagunekin indartzen da.

Izan ere, Areeta, La Bola, Ereaga, Portu Zaharra, Arrigunaga eta Gorrondatxe-Azkorriko hondartzetako ingurune naturalez gain, zerbitzuak hondartzetako aparkaleku, pasealeku, esparru berezi eta inguruko sarbideak garbitu eta zaintzeko ardura izango du, baita txilardietako hesiak konpontzeko eta apo lasterkariaren urmaelak zaintzeko. Era berean, inguru horien barruan daude hondartzetako instalazio eta zerbitzuak (komunak) ere. Kontratuan aurreikusita dago, batez ere, era guztietako hondakinen bilketa. Aipatzekoa da Getxoko hondartzetan bakarrik birziklatzen direla %100ean bildutako hondakinak -batez ere egurrak-, urte osoan zehar. Gogoratu bestalde, hondartza horietako bi, Ereaga eta Arrigunaga, direla Bandera Urdina jaso duten Bizkaiko hondartza bakarrak.

OperatiboaHondartzak garbitzeko eta egokitzeko zerbitzuaren lantaldea 7 langilek osatzen dute urte osoan; eta udan beste 3 lagunekin indartzen da zerbitzua. Hondartzak garbitzeko bi makina dituzte, eta beste bat gehiago erreserban, bi traktore atoidunak, atzerako hondeamakina eta hondakinak garraiotzeko kamioiak, besteak beste. Udan ere beste bi makina txiki, eskuzkoak, erabiltzen dituzte zikinkeria bereziki pilatzen den bazterretan, garbitzeko zailak baitira (horma ondoko eremuak?). Garbiketa lanak, udako hilabeteetan, 04:00etatik 10:00etara egiten dira egunero ?igande eta jaiegunak barne-, eta urteko gainerakoetan 06:00etatik 12:00etara bitartean, asteko egun guztietan ?igande eta jaiegunak salbu-. Gorrondatxe-Azkorrin, garbiketa astean hiru egunetan egiten da.

Erakunde arteko hitzarmena

2012an, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Udalak lankidetzarako hitzarmena sinatu zuten Getxoko hondartzak garbitu eta egokitzeko lanak finantzatzeko. Hondartza horiek, Gorrondatxe-Azkorrikoa salbu, Nerbioi-Ibaizabalgo estuarioan daude kokatuta. Hau da, Euskadiko unitate hidrologiko handienaren bokalean daude. Horren ondorioz, uretan dagoena eta itsasotik datozen era guztietako gauzaki eta hondakinak etengabe iristen dira gure hondartzetara. Era berean, hiriko hondartzak dira eta bainu-denboraldian bakarrik ez, beste urtaro batzuetan ere, negua barne, jende askok erabiltzen ditu. Ingurumen Arloko jarduneko zinegotzia den José Luis Landak gogoratu duenez, erakunde arteko hitzarmenari esker zerbitzua sendotzea ahalbidetu du, baita Udalaren helburuari ere eustea, alegia, herritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaintzea, espazio horien babesa bermatuz. “Gure asmoa da getxotarrek hiriko hondartzak urte osoan erabiltzeko aukera izan dezaten, bai beren aisialdiko jardueretarako bai beren kirol jardueretarako”, esan du Landak.