Ermuko Udalak zuzeneko musikaren aldeko apustuarekin darrai. Datorren ostiralean, azaroak 5, maila handiko kontzertua jasoko du Ermua Antzokiak. Arratsaldeko 20:30etatik aurrera, Olatz Salvador musikari eta kantautoreak oso kontzertu berezi bat eskainiko du. Bertan, 'Aho uhal' izeneko bere disko berria aurkeztuko du. Kontzerturako sarrerak eskuratu ahal dira dagoeneko, 10 euroren truke, Lobiano Kultur Etxean eta Kutxabanken lehiatila digitalean.

Artista donostiarra oso gaztetatik hasi zen musikarekiko lotura garatzen. Haurtzaroan piano eta solfeo ikasketak egin zituen, eta nerabezaroan hasi zen gitarrarekin lehen akordeak jotzen, modu autodidaktan. Musika ikasten jarraitu zuen ahots teknika, musika harmonia eta baxu klaseekin.

20 urterekin hammond doinuak eta sintetizadoreak jotzen hasi zen Skakeitan taldean, eta gaur egun ere teklatu jotzailea da bertan. 2014. urtera arte ez zuen bakarkako lehen kontzertua eman Donostian, Bakarrik Hobeto jaialdiaren lehen edizioan. Emanaldi hau inflexio-puntua izan zen, eta bakarkako ibilbideari ekin zion, proiektu gisa finkatu arte.

Lehen kontzertu hartatik lau urtera iritsi zen Zintzilik, bakarkako debuta, estilo propioa zuen disko intimista. Orain, Olatz Salvador indartsu itzuli da Aho uhal bigarren lanarekin, eta Ander Zulaikak baterian, Jagoba Salvadorrek baxuan eta Mattin Saldiasek gitarran lagunduta abiatu du bira.

Lehen esan bezala, sarrerak salgai daude 10 euroren truke Lobiano Kultur Gunean eta Kutxabanken leihatila digitalean.