Urtero bezala, Santu Guztien Eguna ospatuko da astelehen honetan, azaroaren lehenengo egunean. Hori dela eta, Ermuko Udal Obra eta Zerbitzuetako Brigadak udalerriko hilerria prestatu egin du, eta Udalak ordutegi berezia eskainiko duela eman du ezagutzera.

Kanposantua urriaren 30etik (larunbata) azaroaren 1era arte egongo da zabalik, 09:00etatik 20:00etarako ordutegian. Hilaren 1ean, Udal brigadako langileak 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara egongo dira instalazioan, hilerrira doazen pertsona guztiei laguntza eta arreta emateko.

Aurreko urteetan izandako harrera ona ikusita, oraingoan ere megafonia sistema bat jarriko da kanposantuan, ingurugiro musika erreproduzitzeko. Aurten ez dago edukiera mugarik, baina aurreikusita daude eta jarrita egongo dira gel hidroalkoholikoaren banagailuak eta sarrerako eta irteerako zirkuituaren seinaleak.

SEGURTASUN NEURRIAK

Udaltzaingoak dispositibo berezia antolatu du egun horietan zehar ibilgailuen sarrerak eta irteerak erraztu eta kontrolatu ahal izateko; izan ere, hilerria herriko erdigunetik urrun gelditzen da, Pagorbe inguruan. Horregatik, eta bertaratzen diren pertsona guztien segurtasuna bermatzeko, udaltzainak asteburu osoan zehar inguru horretara adi begira egongo dira, eta pertsonen eta ibilgailuen trafikoa kontrolatuko dute. Hilaren 1ean, agente bat arduratuko da ospakizuna arazoik gabe igarotzen dela kontrolatzeaz, eta Vialbeko zabalgunean prestatuko den aparkalekua seinaleztatuta egongo da. Jende asko gerturatzen bada, aurreko egunetan ere dispositiboa martxan izango da.