Igande honetan, uztailak 25, Ermuak amaiera emango dio 'Uda plazan' programari. Horretarako, egitarau berezia prestatu egin da: bost ikuskizun eskainiko dira.

Azken aste honetako egitaraua uztailaren 23an hasiko da, 19:00etan, Circo Los konpainiaren Kasumay zirku-emanaldiarekin. Kasumay jatorri senegaldarreko hitza da, "Kaixo, zer moduz?" esan nahi duena. Edozein harreman hasteko modu paregabea da. Elkarren artean oso ezberdinak diren hiru pertsona mahai baten inguruan daude, euren bizitzak aldatuko dituen deiaren zain. Batzuetan zaila da besteen nortasunari eta portaerari aurre egitea, baina gizatiarra den ezer ez dugu alboratzen. Beraz, gure hiru pertsonaiek besteekin bizitzen eta elkarren erokeriak jasaten ikasi beharko dute. Kasumayk unibertso berezi eta bakarrera eramaten ditu ikusleak, eta zirkua bide egokia izango da hiru pertsonaia oso ezberdinek elkar onartzea nola lortzen duten kontatzeko, elkarrekin hobeto bizi garela eta, batez ere, umorez edozein oztopo gainditu dezakegula ulertzeko.

Larunbatean, hilak 24, 12:30ean, Markeliñeren Chef Nature antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute etxeko txikienek. Chef Nature aire zabaleko jatetxea da, baratza propioa duena. Mahaikideek beren gailu mugikorrak, eramangarriak eta tabletak alde batera utziko dituzte naturarekin berriz konektatzeko. Proposatutako menua magikoa, harrigarria, terapeutikoa eta oso dibertigarria izango da, eta, hori egiteko, Markeliñek bere sukaldean ohikoak diren osagaiak erabiliko ditu: erritmoa, keinuak eta material desberdinen erabilera irudimentsua. Hori guztia gatz eta eromen pitin batekin. Bon appétit!

Arratsaldean, 19:00etan, Bichorraroren musika izango da plazan. Izengoiti horrekin aurkezten da Gorka Vazquez ermuarra, Versionarios taldeko abeslaria eta benetako kultur asaldatzailea bere lokaletik. Orain bere bakarkako proiektu berria erakutsiko digu, non gaztelaniazko pop eta rock espektro osoaren eraginak jasotzen dituen eta melodia askotariko errepertorio batean kondentsatzen duen, non letrek leku bereziki garrantzitsua hartzen duten.

Igandean, hilak 25, 12:30ean hasiko da egitaraua, herriko Mikologia Lagunen Elkartearekin elkarlanean antolatutako magia ikuskizun batekin. Oliverrek eta Liubak ikusizko magia show berria aurkeztuko digute, publikoarekin elkarrekintza fisikorik gabe, baina erritmo, sorpresa, poesia, magia eta ikusgarritasunari eutsiz.

Uda plazan amaitzeko, Josh Hoyer & Soul Colossal talde estatubatuarra arituko da Orbe Kardinala plazan, 19:00etan. Benetako talde langilea da, jendeak jendearentzat egiten duen musikarekin. Egia entzun dezakezu Hoyerren ahotsean; gitarra-anplifikadorea mugara eramanda; teklatuak nota baxuak joz, adar balaztatuak tren baten antzeko erritmo-sekzio baten gainean altxatzen diren bitartean. Agertokitik ateratzen diren funk eta soul leunak generoko erraldoiak omentzen dituzte, eta aldi berean, aro modernoaren lidergoan aurrera egiten dute. Arimaren musika da.

Josh Hoyer & Soul Colossal 2012an sortu zen Nebraskan, bluesaren hiria den Lincolnen. Bost kideko talde sarituak inguruko musikari gurtu eta arrakastatsuenetako batzuk biltzen ditu. Hoyerrekin (teklatuak/ahotsa) batera Blake DeForest (tronpeta), Mike Keeling (baxua), Benjamin Kushner (gitarra) eta Harrison ElDorado (bateria) daude. Stax, Motown, Muscle Shoals, New Orleans, Filadelfia eta San Frantziskoko soinuetan inspiratuta, taldeak etengabe zeharkatzen ditu musikaren mugak, bai estiloan bai garaian, eta ikuskizun bakoitzean indarrak batzen ditu, helburu komun batekin: jendeak dantza egitea, arazo txikienak ere ahazteko.

Jarduera hauek guztiak higiene- eta osasun-neurriak betez egiten dira, bertaratutakoek segurtasunez goza ditzaten. Barruti itxi bat prestatuko da plazan, eta pertsona bakoitzak eserleku bat hartuko du, 1,5 metroko segurtasun-tartea gordeta. Salbuespen gisa, gehienez bizikidetza-unitate bereko lau kide eseri daitezke elkarrekin. Barrutiaren edukiera 250 lagunetara mugatuta dago.