'Rugbylariak'

Zelaieta Zentroak Sergio Monederoren erakusketa jasoko du

01.02.2021 | 15:24

AMOREBIETA-ETXANO. Astelehen honetatik aurrera, otsailak 1, Zelaieta Zentroak Sergio Monedero argazkilariaren erakusketa berria jasoko du. 'Rugbylariak' izeneko erakusketa honek hasiera emango dio Zelaieta Zentroaren 2021eko programazioari. Otsaila osan zehar egongo da ikusgai erakusketa gelan.

Erakusketa hau aurkeztu ahal izateko, egilea jokalari, tekniko eta entrenatzaile ezberdinekin aritu da jardunean. Denetara, 100 kirolari baino gehiago pasatu dira bere kamararen aurretik, hainbat elkarrizketa eginez protagonistak eta euren motibazioa hobeto ezagutzeko. Horrela, "argazki hutsetik haratago doan zerbait" lortu nahi izan du egileak.

Ez da Sergio Monederok kirolariekin lan egiten duen lehen aldia, 2017an Boxeolariak erakusketa aurkeztu zuen boxeoaren mundua argazkigintzaren bidez jasoz; "boxeoa eta errugbia indarrak garrantzi handia duen kontaktuko bi kirol dira eta lan berri honekin ere, indar hori islatu nahi izan dut", aitortzen du.

"Kirolak iragazkirik gabe plazaratzen ditu giza emozioak eta sentimenduak, beldurra, itxaropena, edozein gizakiren adierazpen oinarrizkoenak". Hori da Bizkaiko talde ezberdinetako errugbi jokalariak agertzen dituen 15 argazki hauen benetako helburua. "Aitzakia bat besterik ez da, 2017an Boxeolariak lanarekin egin nuen bezala, kirola bera baino gehiago interesatzen zaidan zerbait islatzeko: pertsonak, haien sentimenduak eta adierazpenak".

Erakusketarekin batera, Sergio Monederok hitzaldia eskainiko du datorren ostegunean, otsailaren 4an, 18:00etan, Zelaieta Zentroko auditorioan. Sarrera doakoa izango da baina edukiera mugatua denez, aldez aurretik izena eman beharko da zentroan bertan edo 946300650 telefonora deituz.

noticias de deia