ERMUA. Ermutik igarotzean trenetako bagoietako gurpilek eta bidezko errailek egiten duten zarata gutxitzeko lanak hasiko ditu Eusko Trenbide Sareak (ETS). Lanak gauez egingo dira, ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko.

Lanak bi kilometro eta erdiko tartean egingo dira, eta burdin bidearen metalezko erreiak eskuilatuko dira -teknikoki moldatuko -, tren-unitateak erreiaren buruan igarotzeak eragindako uhin-higadura murrizteko edo kentzeko. Hau da, harri batzuk erabilita hirigunetik doan burdinbidea arbastuko edo eskuilatuko da hiri-bidearen zati hori, ukipen-elementuek marruskadura naturalagoa eta jariakorragoa izan dezaten, hots edo kirrinka gutxiagorekin.

Eskuilatze-lanak Izelaieta kaleko Rosina etxetik Sallabenteko geralekuraino doan tartean egingo dira, zehazki 43/500 eta 46 bitarteko kilometro-puntuetan. Gaueko 23:30etan eta hurrengo eguneko 5:30ak bitartean egingo dira, astelehenetik (11tik) ostiralera (15era) bitartean. Zeregin horretan hainbat zarata sortzen duten bitarteko mekanikoak erabili behar direnez, zaratak gaueko isiltasunean gehiagotu edo modu errazean sentitu ahal izan daitekeelarik. Hori dela eta, ETSk aldez aurretik barkamena eskatu die tren-ibilbidetik gertuen dauden etxebizitza-eraikinetan bizi diren pertsonei (batez ere Gipuzkoa etorbidean, San Antoniotik Sallabentera artekoak), bizilagunen lo edo atsedenaldiari eragin ahal izango baitie.

Lan eta jarduera hori herriko udalak ETSri egindako errekerimenduari erantzuten dio, udalerriko tren-geltoki berriko lanak amaitu ondoren zarata areagotu egin dela adierazten zituzten auzotarren zenbait kexa jaso ondoren. Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak hainbat jarduera egin ditu dagoeneko Ermuan, zarata eta horrek pertsonengan sortzen dituen eragozpenak gutxitzeko; 2020ko udaberrian, hesiak eta panel akustikoak jarri zituen Ermuko tren-geltokian, trenaren makinek eta konboiek hurbilen dauden etxebizitzetan sortzen duten zarata gutxitzeko. Eta ura lainoztatzen duen sistema bat ere instalatu zuen, unitateak geltoki berrian sartu aurretik, marruskadura eta ondoriozko kirrinkak murrizteko.