ERMUA. Ermua Antzokiak aste honetarako zinema programazioa aurkeztu du. Hala, ostegunetik asteartera lau film berri proiektatuko dira. Baina azaroko egitarau osoaz disfrutatu nahi duenak hileko bonua erosi ahal izango du 11,70 euroren truke. Bonu horrekin azaroan proiektatuko diren bederatzi filmak ikusi ahal izango dira.

Programazioa ostegunean hasiko da Corpus Christi zinta poloniarraren eskutik. Jan Komasa zuzendariaren drama erlijioso honetan, Daniel 20 urteko gazteak eraldaketa espirituala biziko du Gazteen Atxiloketa Zentroan epaia betetzen duen bitartean. Apaiz izan nahi du, baina ezinezkoa da dituen aurrekari penalak direla eta. Herri txiki bateko aroztegi tailer batean lan egitera bidaliko dute, baina hara iristean, apaiza dela esan eta, ustekabean, tokiko parrokiako arduradun izendatuko dute. Karisma handiko sermolari gaztearen etorrera zauriak osatzeko aukera paregabe gisa ikusiko dute bertako bizilagunek, herrian gertatutako tragedia baten ostean. Corpus Christi azpititulatutako jatorrizko bertsioan eskainiko da ostegunean 19:00etan.

Zine komertziala larunbatean hasiko da, 19:00etan, La isla de las mentiras drama espainiarraren lehen emisioarekin. Nerea Barros, Aitor Luna eta Dario Grandinetti aktoreak Paula Cons zuzendariaren aginduetara izan dira benetako gertaeretan oinarritutako zinta honetan. 1921ko urtarrilaren 2ko gauean, 260 pertsona Buenos Airesera bidean daramatzan Santa Isabel itsasontzia hondoratu da Galiziako Salvora uhartearen inguruko kosta gogor eta arriskutsuan. Uhartean gizonik ez dagoela eta, bertako hiru emakumek, Mariak, Josefak eta Ciprianak, bidaiariei laguntzea erabakiko dute, eta 48 pertsona salbatuko dituzte; ekintza heroiko hori, ordea, garesti ordainduko dute. Jazoera horien ostean, Leon kazetari argentinarra Salvorara joango da, hondoratzearen inguruko albistea jarraitzeko. Pixkanaka, ordea, gau hartan uhartean "kasualitate" latz ugari izan zirela ikusiko du. Asko dira argitzeko dauden zalantzak. La isla de las mentiras astelehenean ere eskainiko da, 19:00etatik aurrera.

Asteko bigarren zinta komertziala David Victorik zuzendutako No matarás thrillerra izango da. Mario Casas, Milena Smit eta Joaquin Caserza protagonista diren pelikula honetan Dani ezagutuko dugu, azken urteak gaixorik duen aita zaintzen eman dituen gazte zintzoa. Aita hiltzean, bere bizitzari berrekitea erabakiko du, eta bidaia luze bat egitear dagoela, Mila ezagutuko du, neska kezkagarri eta ezegonkor bezain sentsuala. Milak gaua erabateko amesgaizto bihurtuko du, eta topaketa horren ondorioek muturrera eramango dute Dani, inoiz imajinatuko ez zituen gauzak pentsatzeraino. No matarás igandean eta asteartean izango da ikusgai 19:00etan.

Haurrentzako saioari dagokionez, igandean 17:00etan Shin Chan en Australia: Tras las esmeraldas verdes animazio filma eskainiko da. Misaek familia guztiak Australiara bidaia egitea proposatuko du, ezkonbidaia eskaintzak aprobetxatuz. Horrela, Noharatarrak ia esploratu gabeko uharte batera iritsiko dira; bertan, legendek diotenez, mutil-laguna entregatu beharko zaio printzesa bati altxor baten truke. Gau batean, maskaradun tribu misteriotsu batek Hiroshi bahituko du, "mutil-lagun" gisa identifikatuko baitute. Misae, Shin Chan eta Himawari Hiroshiren bila abiatuko dira, eta Indiana Junko altxor bilatzailearekin topo egingo dute; horrek ere "mutil-laguna" topatu nahi du bere kabuz printzesarena eraman eta altxorra lortu ahal izateko. Arazoa da Indiana ez dela bakarra, altxor-bilatzaile ugari baitaude helburu berberarekin. Lortuko ote dute Misaek eta Shinnosukek Hiroshi topatzea beranduegi izan baino lehen?