ERMUA. Datorren ostiralean, azaroaren 6an, gaueko 22:15etan, Xabi Solano musikariak zuzen-zuzeneko kontzertua eskainiko du Ermua Antzokian. Jarraitzaileek koronabirusaren aurkako segurtasun-neurri guztiak zehatz-mehatz errespetatu beharko dituzte, ikusleen zein langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko. Ekitaldia 'San Martin' kultur egitarauaren barruan dago, aurten ezin izango baita ospakizunik egin.

Sarrerak 10 euro balio du eta aldez aurreko salmentan eros dezakegu Kutxabanken webgunean, baita zerbitzu anitzeko kutxazainen sarean eta Lobiano Kulturgunean ere.

Xabi Solano Maiza Hernaniarra (Gipuzkoa) da, trikitixa jotzen duen musikagilea. Etzakit, 4 Itzal, The Solanos eta Esne Beltza taldeen sortzailetarikoa eta partaidea da, eta Fermin Muguruzaren birako kidea ere izan da 2004tik. Azken urteotan bakarkako bi disko kaleratu ditu: 'Esne zopak' eta 'Ereñotzu'. Bere lan oparoari esker, Xabi trikitixaren munduan erreferentzia bihurtu dela esan dezakegu.

2019ko abenduan aurkeztu zuen bere azken lana, 'Bi' tituluko disko bikoitza. Abesti berriez gain, euskal musikako abestien bertsioak ere aurkituko ditugu, hainbat musikari eta talderen laguntzarekin grabatuak. Ermua Antzokian Xabi Solanok azken lan hori aurkeztuko du eta bere konposizio ezagunenak errepasatuko ditu. Kris ahizpa izango du lagun abesbatzetan, panderetan eta akordeoian, baita Zigor 'DZ' DJa, Haritz Beristain 'Txiki' bateria jotzailea, Txus Aranburu teklatu jotzailea, Aitor Zabaleta baxu jotzailea eta Ander Zubillaga gitarra jotzailea ere. Horiez gain, dantzarien laguntza ere izango du ikuskizuna osatzeko.