Euskarazko leku-izenak eta herriko ageriko hizkuntza eguneratzea eta normalizatzeko helburuarekin, Garaiko Udalak herriko toponimia berritzeko bilketa-lana egin, antolatu, jaso eta ikerketa-beka bat martxan jartzea erabaki zuen urte hasieran. 2.500 euroko aurrekontuarekin Jon Ander Ramos ikertzaileak ekingo dio lanari sei hilabeteko epean.

Izan ere, ikerketa-beka esleitzeko prozesua egun hauetan burutu da. Bertan, Garaiko Udalak epaimahaia eratu zuen ikerketa-beka esleitu ahal izateko. Epaimahaia Udalak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak, Euskaltzaindiak eta Gerediaga Elkarteak osatu zuten.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, epaimahaiak proposatu zuen ikerketa-beka Jon Ander Ramos ikertzaileari ematea eta horrela, pasaden iraileko osoko bilkuran Udalak epaimahaiaren proposamena aintzat hartu zuen eta ikertzaileak sei hilabeteko epea izango du lanak garatzeko. Nolanahi ere, beharrezkoa dela iritziz gero, begiz jotako epea luza daitekela adierazi zuen Udalak.

Epaimahaiak iradoki zuen, egin beharreko lanetan jasotzea bildutako toponimoen gaineko oharrak, hots, toponimoen atzean dagoen unibertsoa, eta herri-mugakideen (Berriz, Iurreta eta Abadiño) toponimiarekin lotzea. Gainera, adierazi zuen ezinbestekoa zela orain arte inguruko herrietan egindako lanak kontuan hartzea, eta toponimoak zuzen jaso eta EAEko Izendegi Geografiko Ofizialean txertatu eta jasotzea.

Udalak toponimia berritzeko egitasmoaren jarraipena egiteko, lankidetza-hitzarmena izenpetu zuen Euskaltzaindiarekin, 2020ko otsailean. Bestalde, Euskaltzaindiak egitasmoaren zuzendaritza akademikoa bere gain hartu du. Paskual Rekalde euskaltzaina eta Onomastika batzordeko kideak hartu du bere gain egitasmoaren zuzendaritza akademikoa eta bera arduratuko da Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen irizpideak gauzatzeaz. Era berean, Garaiko Udalak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntza eskatu eta azken horrek eskuratu dio Eusko Jaurlaritzaren datu-baseetan Garairi buruz ageri den guztia.

Ondorioz, ikerketa-bekaren esleipendunak Garairen gainean orain arte argitaratu diren datu toponimiko guzti-guztiak, Euskaltzaindikoak eta Eusko Jaurlaritzarenak, izango ditu eskura. Era berean, Garaiko Udalak lana burutzen duenean, emaitza Eusko Jaurlaritzari eta Euskaltzaindiari igorriko die datu-baseak eguneratzeko orduan balia ditzaten.

Ikerketa-lanak 2.500 euroko aurrekontua izango du eta gerora, abiatu berri den ikerketa-bekaren emaitza Garaiko toponimia-mapa eraberritzeko erabiliko da.