- Datorren irailaren 1ean Abadiñoko Udalak erosketa bonuen kanpaina jarriko du martxan. 99.000 eurotik gorako partida ekonomikoarekin, 6.572 deskontu txartel doan banatuko dira herritarren artean eta bost, hogeita hamar eta berrogei euroko deskontuak izango dituzte irailaren 30era arte udalerriko hainbat denda, saltoki eta beste hainbat negozioetan.

Lau egun barru hasiko den bonu kanpaina honekin helburu bikoitz bat betetzea espero du Udalak. Alde batetik, egungo egoeran eta koronabirusak eragindako kalteak kontuan izanik, abadiñotarrei laguntzea luzatzea eta, bestetik, herriko ekonomia suspertzeko bultzada bat izatea. Iñaki Rekalde Ogasun, Ekonomia Sustapen eta Enplegu zinegotziaren hitzetan, "Abadiñoko familia askok ataratzen dute bizimodua establezimendu horiekin, eta orain inoiz baino babes gehiago eduki behar dute koronabirusaren pandemiak euren negozioari egindako kalteari aurre egiteko".

Horretarako, Udalak 6.572 erosketa-bonu ditu, eta herritarrek doan jaso ahal izango dituzte irailaren 1etik aurrera. Doakoak izan arren, banaketa auzotarren profilaren arabera egingo da eta horrela, baliabide gutxiago dituzten biztanleek laguntza gehiago izango dute. Horren arabera, 4.256 bonu urdin eskainiko dira 18 eta 65 urte bitarteko egoiliarrentzat, 1.466 bonu berde 65 urtetik gorakoentzat eta 850 bonu arrosa langabetuentzat. Horrela, bonu urdinak 5 euroko deskontua egingo du 10 euroko erosketa minimoan. Berdeak, 30 eurokoak, gutxienez 40 euroko erosketetan erabili beharko dira eta, arrosa, 40 eurokoa, 50euroko erosketa batean. Guztiak, kanpainarekin bat egin duten herriko hogeita hamar negoziotan trukatu ahal izango dira. Besteak beste, elikadura-dendak, jatetxeak eta tabernak, ile-apaindegiak, farmaziak...

Ekimena hilaren 1ean hasiko da eta irailaren 30era arte iraungo du. Bonuak asteartetik, aurrera jaso ahal izango dira, goizez, udal bulegoetan eta arratsaldez, Udal mediatekan. Astola, Gerediaga eta Matiena auzoetako herritarrek Matienako udal bulegoetan, goizez, edo Errota Kultur Etxean, hartu beharko dituzte bonuak.

Arlo ekonomikoan, udalak 99.260 euro bideratu ditu, eta kanpaina amaitzen denean, irailaren 30ean, kanpainari atxikitako denda eta ostalaritza-establezimenduetan 165.920 euro inguruko onurak izango direla kalkulatzen da.