AMOREBIETA-ETXANO. Amorebieta-Etxanoko Udalak dirulaguntzak eskainko dizkie herriko establezimenduei, koronabirusak eragindako larrialdi-egoeraren ondorioz jasaten ari diren egoera arintzeko eta herriko jarduera ekonomikoari eusten laguntzeko helburuekin.

Segurtasunerako, prebentziorako eta Covid-19 geldiarazteko ekipamenduak, hau da manparak, eskularruak, maskarak, desinfektatzaileak eta norbere babeserako bestelako ekipoak (EPI), finantzatzen laguntzera bideraturik egongo dira subentzio hauek.

Horrela, larrialdi egoera aldarrikatuz martxoaren 14an emandako dekretutik aurrera gauzatu diren gastuen eta inbertsioen % 90era bitarteko laguntza jaso ahalko dute establezimenduek, 1.000 bana euroraino. Aurtengo ekitaldian 200.000 euroko diru-partida erabiliko du Udalak horretarako.

Laguntza honi heldu nahi diotenek Amorebieta-Etxanoko Udaletxeko Hiritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) jaso ahalko dituzte oinarriak eta eskari-orria edo, bestela, sustapena@amorebieta.eus helbide elektronikora mezua bidalita. Eskaria beteta, 2020ko urriaren 30era bitartean entregatu beharko dute HAZen. Aurrekontuetan xede honetarako dagoen diru-hornidura agortu bitartean, erregistratu ahala ebatziko dira eskabideak.

SABINO ARANA KALEKO ONDASUN-HIGIEZIN BATEN LEGEZ KANPOKO OKUPAZIOA

Bestalde, Amorebieta-Etxanoko udalaren gobernu taldeak gaitzetsi egin du udalerriko Sabino Arana kaleko ondasun-higiezin baten legez kanpoko okupazioa. Gobernu taldeak bat egin du inguruko auzokideen kezkarekin eta larritasunarekin, eta bere eskumen-eremuan, lankidetzarako konpromisoa berretsi du, jabeek ondasun-higiezin horiek ahalik eta lasterren berreskuratu ditzaten.

"Okupa" mugimenduak justifikatu egiten du erabiltzen ez diren espazio publikoen legez kanpoko okupazioa, baldin eta helburu soziala badu. Errealitatea bestelakoa da, ordea, ustez jendez hutsik dagoen lokal baten sartzen baitira; baina ez dago desokupatuta, ez utzita. Horrela, egitate-bidea erabiliz, bertan geratzeko egoitza lortzen dute.

Udalak baliabide nahikoak eta integralak ditu gazteen beharrizanetarako, baita gizarte babeserako sare ondo garatua ere premia duten familientzako. Beraz, ondasun-higiezinak legez kanpo okupatzearen kontra agertzen da; hori egiten duen kolektiboa edozein dela ere, jabeen baimenik ez badute.