UMEEN tanborrada ere gero eta lagun eta parte-hartzaile gehiago erakartzen dituen ikuskizun bat bilakatu da Karmengo eta Santanatxuko jaietan. Hasiera batean Iban Ibarretxe, musikari eta Udazken Txistulari taldeko kidea, ibili zen tanborradaren zuzendari eta antolakuntza lanetan eta azkenengo urteotan, gutxi gora behera 2014tik, Aritz Labrador, Zornotza Musika Bandaren zuzendariak hartu zuen kargua.

Zuzendari gaztearen esanetan "umeen tanborrada umeentzat topagune bat izaten da. Alde batetik zornotzarrek kulturalki hain barneratua daukagun sentipen bat izaten da tanborradaren eguna eta bizirik mantentzeko aukera izaten da eta bestetik, adin ezberdinetako umeek musika, erritmoak eta koordinazioa ikasteko aukera polit bat da". Horrela, musika eta denon arteko parte-hartzea sustatzen dira.

Guztira 60 bat ume aritzen dira tanbor-jole moduan, baina gero tanborrada osatzen duten gorputz guztiak fusilariak, zaldunak, sukaldariak eta kantinariak ere badaude eta 5-13 urte bitarteko ehundaka neska-mutil biltzen dira urtero Amorebieta-Etxanoko umeen tanborradan.