Elorrio - Arriola Kultur Elkarteko kidea eta jaialdiaren antolatzailea izan da hasieratik. Lehenengo ediziotik, 1998an, 2020ra gauzak asko aldatu dira eta oraingoan edizio berezi bat izan arren, kultura dastatzeko aukera eta eskaintza bikaina izango da, segurtasun neurri guztiak bermatuta. Jazz, blues, pop-rock, folk, folk-elektronika edota klasika folk ikuskizunak egongo dira, adin eta publiko guztiei zuzendutako programazioarekin.

Nolakoa espero duzu izatea Musikaireko aurtengo edizioa?

-Betiko lez arrakastatsua. Uka ezina da egungo egoera ikusika beste edizioetako palazioak eta jauregiak utzi behar izan ditugula, landen zabaltasuna topatzeko, distantziak mantendu ahal izateko eta segurtasuna bermatzeko, baina aurten aukeratu dugun lekuak bere berezitasuna ere badu, landa handi bat da, arbolapean eta momenturako leku aproposa izango da.

Igaro ditugun hilabeteen ondoren, garrantzitsua ikusten duzu aisialdiko eta kultur jarduerak eskeintzeko aukera izatea?

-Noski baietz. Normaltasuna behar dugu. Beldurra egon daiteke, baina aire librean izanda, babes-neurriak edukita eta esparru mugatuak izanda, beharrezkoa da. Badirudi kulturaz hitz egiterakoan neurriak zorrotzagoak izan behar direla eta beteko dira, baina normaltasun bidean sartuta kultura beharrezkoa da.

Sektorearen egoera momentu honetan nola ikusten duzu?

-Premia handikoa. Kultura ekimenak eta jarduerak antolatzen, sustatzen eta dinamizatzen gabiltzan elkarteok horrelako ekitaldiak bultzatu behar ditugu artistak beraien lana aurrera ateratzeko. Gure esku egonda eta gauzak posible badira ekintza kulturalak programatu eta egin behar dira. Argi dago, formatu batzuk orain kontuan izan beharko direla, pertsona askoko kontzertuak ezingo dira izan, baina gure kasuan kontzertu handiak barik errezitaldi modukoak dira, akustikoak, jarrita eta nahiz eta estilo ezbedinak izan, programatzea erreza da eta arazorik gabe egin daiteke segurtasun neurriak hartuta.

Egoera kontutan izanda, jaialdia antolatzea nolakoa izan da?

-Guretzat ez du arazorik eduki. Kontua da, Elorriok hainbat aukera eskaintzen dituela, eta leku aproposak dituela. Landak plazatik bost minutura daude eta montajea aurreko urteetan modukoa izango da, eszenatokiak montatu eta pixkat txukundu. Taldeei begira, inguruko taldeak ekarri ditugu, agian aurreko urteetako talde ba-tzuk ez daude, baina hemengoak izanda kanpoko taldeak ekartzea baino arrisku gutxiago zegoen, mugak itxita egoteko arriskua zegoelako eta horrela ingurukoak izanda gastuak txikiagoak dira, bidaiak ez dira ordaindu behar eta aurrekontua txikiago izanda denboran luzatu izan ahal dugu.

Programazioari buruz zer aurkituko dugu Musikairen?

-Betikoa. Jazz, blues, pop-rock, folk, folk elektronika edota klasika folk. Aniztasun honek aukera emanten dizu gaurko egitaraua ez bada zure gustokoa biharkoa agian izango dela eta diru publikoaz eginda dagoen ekimena izanda beti ere publiko guztiei zuzenduta izan behar du.