ERMUA. Koronabirusak egoera benetan berezia eragin du gizarte osoan. Eguneroko bizitzako ohitura asko aldatu behar izan ditugu, guztiz normalizatuak genituenak. Horregatik, egoera berri honetara berehala egokitu behar izan gara. Momentuz jendea elkartu ezin denez, hurrengo ostegunean Ermuko Udalbatzak lehendabiziz telematikoki ospatuko du Osoko Bilkura. Orain arte hiru Informazio Batzorde egin dituzte modu honetan.

Ezohiko bilera hori bideokonferentzia bidez egingo da 10:00etatik aurrera. Bilkurako gai-zerrendak sei puntu ditu. Hasteko, bertaratutako zinegotziei dei egingo zaie eguneko edozein gairen inguruan egon daitekeen edozein interes garrantzitsuren berri emateko. Jarraian, 2020ko martxoaren 9an aurrez aurre egindako azken Osoko Bilkuraren akta onartzea bozkatuko da.

Hurrengo lau puntuetan, Lanpostuen Zerrendaren, Diru-laguntzen Ordenantza Orokorraren, Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren eta Musika Eskolarekiko hitzarmenaren aldaketak onartuko dira.

Zinegotziek online plataforma bat erabiliko dute bideokonferentzia egiteko, eta aurrez aurreko bilerekin ez bezala, ezin izango da streaming bidez zuzenean jarraitu. Dena den, saioa grabatzerik bada, edukia Udalaren webgunearen bidez eskainiko da.

HASTEKO, INFORMAZIO BATZORDEA

Osoko Bilkuraren aurretik, Udalbatza Gai Orokorretarako Informazio Batzorde labur baterako konektatuko da. Gai-zerrendako lau puntu landuko dira bileran, eta zinegotziei ohiko gonbidapena egiteaz eta aurreko akta onartzeaz gain, jardueran sartzeko faseetan hartu beharreko neurrien eta Bai-k proiektuaren berri emango da.