ERMUA. Bihar, apirilaren 21ean, asteartea, koronabirusaren krisiak egoeragatik baldintzatutako bigarren bilera telematikoa egingo du Ermuko Udalbatzak.

Lehenengo saio birtuala Informazio Batzordea izango da, 09:30ean hasita, eta 7 puntu izango ditu eguneko gai-zerrendan. Ohi bezala, bilera hasteko, bertaratutako zinegotziei gonbita egingo zaie eguneko edozein gairen inguruan egon daitekeen edozein interes garrantzitsuren berri eman dezaten, eta, ondoren, aurreko aktaren onarpena bozkatuko da, 2020ko apirilaren 7koa, hain zuzen.

Jarraian, Lanpostuen Zerrendaren aldaketari, Diru-laguntzen Ordenantza Orokorrari, Diru-laguntzen Plan Estrategikoari, Musika Eskolarekiko hitzarmenaren aldaketari eta Udal Araudi Organikoari buruzko informazioa eskainiko da.

Eguneko bigarren bilera Kontuen eta Ogasuneko Batzorde Berezia izango da, eta 2019ko likidazioa onartzeko 1110/2020 Dekretua izango da gai nagusia.

Zinegotziek online plataforma bat erabiliko dute bideokonferentzia egiteko, eta oraingoz herritarrek ezin izango dute streaming bidez zuzenean jarraitu. Dena den, edukia ahalik eta lasterren eskainiko da Udalaren webgunearen eta/edo erakundearen YouTubeko kanalaren bidez.

TEKNOLOGIA BERRIAK EGOERA BERRIEI AURRE EGITEKO

Covid-19 birusak eragindako osasun krisia ezohiko neurriak hartzera behartzen ari da gizarte osoa, egoera arindu ahal izateko. Bitartean, Alarma Estatuaren berezitasunen barruan, eguneroko jarduerari normaltasunez eusten saiatzen ari gara, aurrerapen teknologikoei esker eskura ditugun bitarteko eta kanal berrietara egokituz.

Ermuko Udalbatza ez da salbuespena; martxoaren 14tik aurrez aurreko bilera guztiak bertan behera utzi ondoren, talde politikoek euren jarduera bitarteko digitalen bidez mantentzearen alde egin dute.

Azken hamarkadan teknologia berrietan eta informatikan egindako inbertsioei esker, Ermuko Udala modu telematikoan lanean jarraitzeko gai da. Izan ere, erakundearen sistema informatikoak telelana egiteko aukera ematen du, eta langileek beren dokumentu eta aplikazioetara sartzeko aukera dute etxetik, lanpostuan baleude bezala lan egin ahal izateko. Gainera, banda ultra zabaleko zuntz optikoko udal-sareari esker, Interneterako konexio azkarra eskaintzen da udalerri osoan.